Aurkibidea
Ekonomia sinbolikoaren adibide bat
Epitafio bat Dorothy Parker-en estilora
Zazpi emakume zortzigarren bidaiariaren aurka
Wendyk zubi batetik salto egin 2018ko ekainaren 3an
Mary Shelley eta bere piano gardena
Mahatsaren Andre Mariaren mandatua
Eresi bat beste Milia batentzat
Aylak bainuontzia topatu du artadian
Begi gori batentzako lo-kanta hogeita zazpi haikutan, more or less
Colette ez da orain hemen bizi
Enegarren ametsa ahanztura baino lehen (ustez)
Aurkibidea
Ekonomia sinbolikoaren adibide bat
Epitafio bat Dorothy Parker-en estilora
Zazpi emakume zortzigarren bidaiariaren aurka
Wendyk zubi batetik salto egin 2018ko ekainaren 3an
Mary Shelley eta bere piano gardena
Mahatsaren Andre Mariaren mandatua
Eresi bat beste Milia batentzat
Aylak bainuontzia topatu du artadian
Begi gori batentzako lo-kanta hogeita zazpi haikutan, more or less
Colette ez da orain hemen bizi
Enegarren ametsa ahanztura baino lehen (ustez)
OREKAREN ESKEMAK
Oreka aurkitu zenuen, ustez, album batean.
Album hura oroitzapenen mausoleoa zen.
Argazkiak, hezur saldatsuak etorkizuna janaritzeko.
Zer zinen zu album hartan?
Ohartu zara irrika duzun orekaren gakoa
ez dela denbora.
Oreka aurkitu zenuen, ustez, pospolo-kaxa batean.
Pospoloen artean baziren buztinezkoak eta cyborgak.
Argia eta beroa ematen zuten atzamarrak erre barik.
Zer zinen zu pospolo moltso hartan?
Ohartu zara irrika duzun orekaren metafora
ez dela sugarra.
Oreka aurkitu zenuen, ustez, paisaia batean.
Paisaia hartan, harria, hodeia eta ibaia, paralelo.
Zuhaitz batek goru-ardatzaren antzera lotzen zituen jainkoen gelak eta gizakion gelak.
Zer zinen zu paisaia hartan?
Ohartu zara irrika duzun orekaren esanahia
ez dela simetria.
Oreka aurkitu zenuen, ustez, arkitektura batean.
Arkitektura hura munduarena zen, desproportzioen adibide aureoa.
Gangako oculusak ez zuen transzendentzia adierazten, matxuratzarra baizik.
Zer zinen zu arkitektura hartan?
Ohartu zara irrika duzun orekaren metonimia
ez dela humanismoa.
Oreka aurkitu zenuen, ustez, gorputz batean.
Gorputz hura, zutik, bizitzarako zen; etzanda, heriotzarako.
Begiak, gero, eremu antzua; ahoa, hutsaren korrokada.
Zer zinen zu gorputz hartan?
Ohartu zara irrika duzun orekaren adiera
ez dela amodioa.
Oreka aurkitu zenuen, ustez, doinu batean.
Doinu hark arnasa zeukan bere baitan, eta papilak, nerbioak, poroak.
Partiturak galdera batera jotzen zuen. Notak ziren zalantzak.
Zer zinen zu doinu hartan?
Ohartu zara irrika duzun orekaren sinonimoa
ez dela harmonia.
Oreka lehian dago zure izate aldakorrarekin.
Orekak musa intsumisoak fikzionatzen ditu.
Orekak erronka jotzen die geure buruaz ditugun juzguei.
Oreka ez da buruaskia kaosean ordena jartzeko.
Orekak narrazio osoa laburbiltzen duen une perfektu hori iradokitzen du.
Oreka ideal faltsua da.