Aurkibidea
Ekonomia sinbolikoaren adibide bat
Epitafio bat Dorothy Parker-en estilora
Zazpi emakume zortzigarren bidaiariaren aurka
Wendyk zubi batetik salto egin 2018ko ekainaren 3an
Mary Shelley eta bere piano gardena
Mahatsaren Andre Mariaren mandatua
Eresi bat beste Milia batentzat
Aylak bainuontzia topatu du artadian
Begi gori batentzako lo-kanta hogeita zazpi haikutan, more or less
Colette ez da orain hemen bizi
Aurkibidea
Ekonomia sinbolikoaren adibide bat
Epitafio bat Dorothy Parker-en estilora
Zazpi emakume zortzigarren bidaiariaren aurka
Wendyk zubi batetik salto egin 2018ko ekainaren 3an
Mary Shelley eta bere piano gardena
Mahatsaren Andre Mariaren mandatua
Eresi bat beste Milia batentzat
Aylak bainuontzia topatu du artadian
Begi gori batentzako lo-kanta hogeita zazpi haikutan, more or less
Colette ez da orain hemen bizi
ATWOOD ANDREA ETA BIOK
GIN-TONIC BAT HARTZEN
MIRAMARREN
Ordua da, berriz, baratzean lan egiteko:
poesiaren ordua,
dilubiotik geratzen denetik
besoak ukondoetaraino sartuta,
eskuak lurrean, sustraitxoen, tuberkuluen,
bertan behera utzitako puxtarrien,
zizareen mutur itsuen,
katuen gorozkien,
egunen batean zure hezurrak
izango diren hondakinen,
hantxe indarka lurperatutako
edozein gauzaren artean haztamuka,
distira ahula iluntasunean.
Margaret Atwood
Baratzean eman dugu arratsaldea,
zume zurizko besaulkietan jarrita,
kiwi-jasminen aterpean
adelfaren koreografiari begira brisan.
Hor dira artaziak, arrastelua, aitzurra,
poeta orok behar dituen lanabesak.
Uraskan hasi dira igelak beren silabak askatzen,
beti bat, beti bat, heriotzaren tenperatura bezala.
Zenbat hildako hemen, belar artean
esnatzear, gure aurreneko malkoarekin batera.
Zozoak palmondotik gorostira hegaka
nire galderari itzuri: zertaz idatzi?
Mahai gainean paratu ditut aukerak,
aperitifako zizka-mizken antzera.
Memoria atalkatuak zirrimarratzen duen nortasunaz?
Gure genealogiak hautsi beharreko markez?
Pausatutako tokietan begiak bakandutako zeinuez?
Indarkeria orotan bakoitzak itsasten dugun seiluaz?
Desamodioaz eta doluaz eta heriotzaz eta doluaz
eta damuaz eta doluaz eta doluaz eta doluaz?
Poesiaren misterioaz, zertarakoaz, muga-egunaz?
Elur-maroak ez daki ura denik.
Errautsa zer da?
Zer izan zen oroitu ezin duen hautsa.
Ixiii…, eten dit Margaretek gogoeten jitoa,
esku zimurrarekin neure eskuari helduta.
Atera ezazu beste kopa bat, my dearest,
zer egiten duzun, ez du larregi inporta.
Maite Sernarentzat