Aurkibidea
Ekonomia sinbolikoaren adibide bat
Epitafio bat Dorothy Parker-en estilora
Zazpi emakume zortzigarren bidaiariaren aurka
Wendyk zubi batetik salto egin 2018ko ekainaren 3an
Mary Shelley eta bere piano gardena
Mahatsaren Andre Mariaren mandatua
Eresi bat beste Milia batentzat
Aylak bainuontzia topatu du artadian
Begi gori batentzako lo-kanta hogeita zazpi haikutan, more or less
Colette ez da orain hemen bizi
Enegarren ametsa ahanztura baino lehen (ustez)
Aurkibidea
Ekonomia sinbolikoaren adibide bat
Epitafio bat Dorothy Parker-en estilora
Zazpi emakume zortzigarren bidaiariaren aurka
Wendyk zubi batetik salto egin 2018ko ekainaren 3an
Mary Shelley eta bere piano gardena
Mahatsaren Andre Mariaren mandatua
Eresi bat beste Milia batentzat
Aylak bainuontzia topatu du artadian
Begi gori batentzako lo-kanta hogeita zazpi haikutan, more or less
Colette ez da orain hemen bizi
Enegarren ametsa ahanztura baino lehen (ustez)
ELDARNIOA
HAMAIKAK
Asteriskoak, ikusezinak testuan,
oroitzapenei dagozkie,
pisua duen zerbaiti, distiradun zerbaiti,
ilaunaren azpian izan ohi den zilarrari.
HAMABIAK
Soinuak ur-deposituan,
oihartzunak lodituriko gurgurrak:
ilea flotean ni, azala berdexka,
tinta-korrokadak aho tenkatuan.
ORDU BATA
Orbela karga-igogailu batean,
kateorratzak bularrean.
Orbainei eta erredurei harramazka,
eromena zelatan.
ORDU BAT ETA LAURDENAK
Gero,
lizunezko ziklamen bat bezala.
Gero,
arrosa herdoildu bat bezala.
Gero,
burdin harizko jasmina bezala.
Gero,
orkidea koipetsu bat bezala.
Gero,
igebelar kedartuak bezala.
Leher egin, eta tresnak eta zentzumenak nahasi.
Bentosa, burmuina, gontza, tinpanoa, torlojua, begia, mailua, azala, birabarkia, mihia, lima, eztarria.
Sutautsa magalean.
ORDU BIAK
Izara mailukatu oinekin.
Ur-errota baten besoek legez
minutuak, segundoak, orduak
iraulkatu.
HIRURAK HAMAR GUTXI
Erresistentzia:
Ignatia Amara, ora pro nobis.
Nux Vomica, ora pro nobis
Arsenicum Album, ora pro nobis.
LAURAK ETA HOGEITA ZAZPI
Baina denboraren ifrentzuan
denbora besterik ez dago,
hutsik egotea funts duen gaua,
itzal bihurtzen nauen mututasuna.
BOSTAK
Ez, ez dago hutsik ilunbeltza;
ezpadaze kreaturaz beterik.
Zaldi beltza dator errezel ostetik,
Henry Fuseli-ren amesgaiztoa.
SEI ETA ERDIAK
Ohean natza, teatralki:
deabru batek azpian hartuta nauka.
Ezerezera nahi nuke lerratu,
aldikada hau saihesteagatik.
ZAZPIAK
Ezpainetan kilkerrak ekartzen zizkidanak
eman zidan agindua: “Dramarik ez”.
Sonogramarik tiranoena.
Horregatik bihurtu nuen lastozko irudi.