Aurkibidea
Ekonomia sinbolikoaren adibide bat
Epitafio bat Dorothy Parker-en estilora
Zazpi emakume zortzigarren bidaiariaren aurka
Wendyk zubi batetik salto egin 2018ko ekainaren 3an
Mary Shelley eta bere piano gardena
Mahatsaren Andre Mariaren mandatua
Eresi bat beste Milia batentzat
Aylak bainuontzia topatu du artadian
Begi gori batentzako lo-kanta hogeita zazpi haikutan, more or less
Colette ez da orain hemen bizi
Enegarren ametsa ahanztura baino lehen (ustez)
Aurkibidea
Ekonomia sinbolikoaren adibide bat
Epitafio bat Dorothy Parker-en estilora
Zazpi emakume zortzigarren bidaiariaren aurka
Wendyk zubi batetik salto egin 2018ko ekainaren 3an
Mary Shelley eta bere piano gardena
Mahatsaren Andre Mariaren mandatua
Eresi bat beste Milia batentzat
Aylak bainuontzia topatu du artadian
Begi gori batentzako lo-kanta hogeita zazpi haikutan, more or less
Colette ez da orain hemen bizi
Enegarren ametsa ahanztura baino lehen (ustez)
DE MULIERIBUS CLARIS
Pintzelaren punta txupatu duzu, Ende, zorrozteko. Ahuntz-esnearen tejoa daukazu listuan. Prest pergamua.
Hotz dago scriptoriumean. Leihoko ferra-arkutik harana ikusten da. Elur-gesala mendizerran. Erreka emaritsu dator.
Kolore biziak. Gorputz meheak. Mozarabiarrei ikasitako girgil geometrikoak.
Minioa darabilzu; hortik zure marrazkien izena.
Ez duzu egundo irensten meatzetatik ekarritako berun gorri ehotua? Erabili eta gero, garbitzen dituzu eskuak?
Boccacciok ez zeukan hurrean zure berri: ez zaitu aipatzen De mulieribus claris katalogoan. Timarete bai, azaltzen da eme zaluak —bertutetsuak nahiz bekatariak— erakusteko tratatu horretan, beste ehun eta bost emakume garbalen artean. Geroxeago eraiki zuen, idatziz, Christine de Pizanek Damen hiria.
Amelia Maggia, Grace Fryer eta besteok, zuok ere pintzelak txupatzen zenituzten.
Ez zineten artistak, ezta izpirituak ere, mundu guztiak “neska mamuak” deitu arren igandero dantzatokian zuen soinekoei zerien fosforeszentziagatik.
Zer maneiatzen zenuten U.S. Radium Corporation-ek fabrikatutako erlojuak koloreztatzeko? Aldizka, poxi bat hartzen zenuten ezpainak apaintzeko.
Kimikariek, goiko solairuan, txabusina, musuko eta pintzekin ez zuten jarduten?
Tumoreak azaldu zitzaizkizuenean, sifilisaren ondorioak zirela iradoki zuen enpresak, plantilla osoa zoroipurdiz beterik eduki balute bezala.
Zuon hilkutxetan inbertitzeko izan ziren kalte-ordainak.
Biografia orok igortzen du izpiren bat.