Aurkibidea
Ekonomia sinbolikoaren adibide bat
Epitafio bat Dorothy Parker-en estilora
Zazpi emakume zortzigarren bidaiariaren aurka
Wendyk zubi batetik salto egin 2018ko ekainaren 3an
Mary Shelley eta bere piano gardena
Mahatsaren Andre Mariaren mandatua
Eresi bat beste Milia batentzat
Aylak bainuontzia topatu du artadian
Begi gori batentzako lo-kanta hogeita zazpi haikutan, more or less
Colette ez da orain hemen bizi
Enegarren ametsa ahanztura baino lehen (ustez)
Aurkibidea
Ekonomia sinbolikoaren adibide bat
Epitafio bat Dorothy Parker-en estilora
Zazpi emakume zortzigarren bidaiariaren aurka
Wendyk zubi batetik salto egin 2018ko ekainaren 3an
Mary Shelley eta bere piano gardena
Mahatsaren Andre Mariaren mandatua
Eresi bat beste Milia batentzat
Aylak bainuontzia topatu du artadian
Begi gori batentzako lo-kanta hogeita zazpi haikutan, more or less
Colette ez da orain hemen bizi
Enegarren ametsa ahanztura baino lehen (ustez)
NATURA HILA
Argia ez dator iturri jakin batetik, ertz batetik, goialdetik.
Argia koadroko irudietan sortzen da.
Parpaila xingledun zapi batek aldare-itxura ematen dio mahaiari.
Rimbaudek esan zuen: “Bada Jainko bat barreka aldareetako zapi damaskatuetan, urrezko kalizarretan, intsentsuan, hosannen kulunkan lokartzen dena...”.
Kristalezko loreontzi batetik arrosak amiltzen dira ostraz beteriko azpil batera.
Petaloak nahasi egiten dira maskor latz grisekin eta mami hori umelekin.
Txolarre-bikote bat txortan pinporta morez gainezka den adar batean.
Habia bat arrautza eta guzti, saski bat ziza eta guzti, sare bat izokin eta guzti.
Itsas kurkuilu bat, tarta baten apaingarri.
Angurri bat, mahatsa, mingranak, madariak, gereziak ispiluan, ispiluaren islan.
Guritasuna. Leuntasuna. Zaporea.
Barraskiloa narras laute baten zur arrosaxkan.
Beldarra tulipa baten korola mamurtzen eta inurria ogi-birrina garraiatzen.
Hatz-markak aizto baten ahoan.
Tximeleta pausaturik kopa baten hegian.
Kopa bat, iraulita, ardo isurika. Ardoak zapia tindatu du.
Kandela itzali berri bat, kea askatuz.
Zimeltasuna. Hauskortasuna. Iheskortasuna.
Pinturaren argilunetan, ongizate-giroa hautematen du nire begiak.
Plazeren katalogo bat dirudi.
Janarekiko kezka adierazten du.
Bizi-tankera bat adierazten du.
Izadiaren joritasuna adierazten du.
Gizakiak izadiaren gain duen boterea adierazten du.
Bada, halaber, poltsiko-erloju bat, satin urdinezko xingola batekin.
Tik-tak. Memento mori. Gogoan izan hilkorra zarela.
Artistak giza izatasunaz duen ardura ere adierazten du.
Multzoak —etxetresnen sendotasunak, izakien dotoreziak, fruituen azalak, usaimenak ia sumatzen duen lurrinen bafadak— aztoratu egiten du nire begia.
Errealitatearen kopiaren perfekzio hori da txanponaren aurkia.
Multzoak —tretxuaren geldiak, animalia hilek eta zomorroen afanak, usteltzear den frutak, usaimenak ia sumatzen duen lurrinen bafadak— jabaldu egiten du nire begia.
Azpitestu artegagarri hori da txanponaren ifrentzua.
Txin-txin. Juste milieu. Bi aurpegiko lan baten batez besteko neurritsua.
Lanaren sinbolismoa moralizatzailea da.
Bizitzari buruzko ikuspegi bikoitza iradokitzen du.
Atsegina eta galerak. Oparotasuna eta gabeziak.
Argiak eta itzalak elkarri eragiten diote.
Liburu bat, zientzia. Partitura bat, artea. Igeltsuzko iruditxo bat, herren, aisia.
Natura lasaia da. Baretasun hori faltsua du baina.
Bodegoi nekropoli bat da.
Amen. Vanitas vanitatum omnia vanitas. Banitateen banitatea, dena da banitatea.
Ez garezurrik, ez burbuilarik, ez paper nahasirik egon ez arren.
Bizitzaren handiera eta heriotzaren ziurtasuna gomutarazten ditu.
Bada zer bat, zertarako bat eta, batez ere, nola bat. Bada prozesu bat.
Prozesuak lotu ditu botanika, zoologia, arkitektura, musika, erlijioa.
Amaituta al dago pintura? Kolorea, testura, harmonia, konposizioa, perspektiba.
Osatuta al dago begia? Betazala, betilea, esklerotika, irisa, ninia.
Zehaztu al da ideia? Alegoria, arrazoia, ametsa, emozioa, gogoeta.
Balantza. Gravitas. Obra bat artelantzat hartzeko behar adinako pisua.
Neure lepoko zapia haztatu dut. Txorien eta loreen marrazkiak ditu, koadroko tonu berberak.
Neure zapatei begiratu diet. Hebilla zilarkara bat dute, koadroko distiradura bera.
Berokian sartu ditut eskuak. Poltsikoak ditu, nolabaiteko sakonera, koadroaren atzealdeak legez.
Atzealdean baratze bat ageri da, arkupe sotila, lorategi idealizatu bat.
Lenteak. Trompe-l’oeil. Iruzurra begiarentzat.
Zer dago pinturatik kanpo? Zer urtaro da?
Girlandak malko zuridun heliotropoen antzeko. Laster Gabonak.
Pauso bat luzatu, bestea gero, pauso bat luzatu, bestea gero.
Letra bat jarri, beste bat gero, letra bat jarri, beste bat gero.
Ibili-ibilian, hondartzara heltzen da bat: paisaiak aldatu egiten du nire begia.
Itsas belarrak mordoka, itoriko triku erraldoien antzeko.
“Heriotza, asko jota, fruitu eder bateko har xaloa da”, esan zuen Yourcenarrek.
Argia, pintzel bat. Itzala, haren paleta. Hitza, nire begi mugikorra.
Itzalak munduko irudiak imantzen ditu.
Itzalak ez du uzten xehetasun guztietara iristen.