Aurkibidea
Ekonomia sinbolikoaren adibide bat
Epitafio bat Dorothy Parker-en estilora
Zazpi emakume zortzigarren bidaiariaren aurka
Wendyk zubi batetik salto egin 2018ko ekainaren 3an
Mary Shelley eta bere piano gardena
Mahatsaren Andre Mariaren mandatua
Eresi bat beste Milia batentzat
Aylak bainuontzia topatu du artadian
Begi gori batentzako lo-kanta hogeita zazpi haikutan, more or less
Colette ez da orain hemen bizi
Enegarren ametsa ahanztura baino lehen (ustez)
Aurkibidea
Ekonomia sinbolikoaren adibide bat
Epitafio bat Dorothy Parker-en estilora
Zazpi emakume zortzigarren bidaiariaren aurka
Wendyk zubi batetik salto egin 2018ko ekainaren 3an
Mary Shelley eta bere piano gardena
Mahatsaren Andre Mariaren mandatua
Eresi bat beste Milia batentzat
Aylak bainuontzia topatu du artadian
Begi gori batentzako lo-kanta hogeita zazpi haikutan, more or less
Colette ez da orain hemen bizi
Enegarren ametsa ahanztura baino lehen (ustez)
ITURRIA
Zoritxarrekoa bere baitan itzalik ez duena.
Arto Melleri
Zoritxarrekoa bere baitan itzalik ez duena
ez baitu adituko fruta-arbolen lorea,
patuaren laburra iragartzen duen hizkera.
Zoritxarrekoa bere baitan zulorik ez duena
ez du-eta haztatuko izenean ostentzen duen haitza.
Zoritxarrekoa bere baitan mantarrik ez duena
biluzik egongo baita banitatearen banketeetan.
Zoritxarrekoa amaraunik ez duena
ez dituelako aski izango bere bi metro azalak
izarpean denda bat altxatzeko.
Zoritxarrekoa bere baitan segarik ez duena
edo igitairik edota labana arruntik
ezingo baitu eten txera txepelen amarra faltsua.
Zoritxarrekoa basamortu txatalik ez duena
ziri-mapetan bilatuko baititu zerumugaren begiak.
Zoritxarrekoa bere baitan lubakirik ez duena
ezen, unearen ardoarekin topa egin arren,
ezingo baitu busti desafio puskatuen jasak.
Zoritxarrekoa bere baitan hondakindegirik ez duena
ez duelako aurkituko
ez itzal ez zulo ez mantar ez amaraun
ez sega ez basamortu ez lubaki
are baitarago iturri bat duela berretsiko dionik.