Aurkibidea
Ekonomia sinbolikoaren adibide bat
Epitafio bat Dorothy Parker-en estilora
Zazpi emakume zortzigarren bidaiariaren aurka
Wendyk zubi batetik salto egin 2018ko ekainaren 3an
Mary Shelley eta bere piano gardena
Mahatsaren Andre Mariaren mandatua
Eresi bat beste Milia batentzat
Aylak bainuontzia topatu du artadian
Begi gori batentzako lo-kanta hogeita zazpi haikutan, more or less
Colette ez da orain hemen bizi
Enegarren ametsa ahanztura baino lehen (ustez)
Aurkibidea
Ekonomia sinbolikoaren adibide bat
Epitafio bat Dorothy Parker-en estilora
Zazpi emakume zortzigarren bidaiariaren aurka
Wendyk zubi batetik salto egin 2018ko ekainaren 3an
Mary Shelley eta bere piano gardena
Mahatsaren Andre Mariaren mandatua
Eresi bat beste Milia batentzat
Aylak bainuontzia topatu du artadian
Begi gori batentzako lo-kanta hogeita zazpi haikutan, more or less
Colette ez da orain hemen bizi
Enegarren ametsa ahanztura baino lehen (ustez)
ILARGIA GENOVAREN ONDOREN
Non jartzen du musikariak pentsamendua, jo bitartean? Marguerite atondora jaitsi da paper eske. Premiazkoa du zerbait adieraztea bizkar tristean gora dabilzkion akordeen gainean. Porta Soprana eta Christophorus Columbusen etxearen tarteko kalexkan amorostuak musuka ari ziren altzifreen kontra, eta lizunez ahulduriko txolarreak kandelatzar gastatuen antzeko kapitel inausietan pausatzen. Orain ez zaio axola il amore, tell me more, tell me more, baina bai estatua mutilatuak, parke fruitutsuetako dolore.
Marguerite geldi dago begiekin itsaso bila. Premiazkoa du bide-orria deskribatzea, eta fereka dagio folioaren ikur urdinari. Urdina zen ipuin urdin hartako zazpi merkatarien irrikaren istila, madame Yourcenar. Denek desio zuten harribitxi bikainena. Aitzitik, bitxiak urtu egiten dira hatz gosetiek ukitzearekin batera. Berak badaki ez dagoela azkenean saririk, euripeko eskalearen nini itsuan preso hartutako argia izan ezik. Orain ez zait axola il amore, tell me more, tell me more, baina bai nire sostenaren igarobide-arkuak, ai, oi, ei, traidore.
Margueriteren ahoan hiru Lur-globo homeopatiko dabiltza biraka. Premiazkoa da listuan erabiltzea terra incognitara ailegatu artean. Telefono-mezu batek asaldatu egin du tupustean: “Ez ezazu kapitaina konkistatu, amatxu, ze itsasgizonak alderrai ibili zaleak dira eta zure katuak ez luke hori jasango”. Zer dirudi ubera horrek popan, zilar eta petroliozko hojaldrea. Orain ez zaigu axola il amore, tell me more, tell me more, baina bai gnomoak, danborra jotzen badakite dotore.
Non jartzen du musikariak bihotza, eskutik helduta brankara daraman bitartean? Margueritek bere barnean dio badirela gauza arraroak munduan: Bulgarian zazpi tigre batera bezatzeko gauza diren gizonak, bera maitatzen hasteko zazpi urte ere aski ez duten gizonak, beragatik zazpi segundotan bizia emango luketen gizonak. Haztamuka makurtuta, pixan isuri du bere amodioaren arraintxo hilaurrena. Ilargiak, nakarrezko txanponak, malko bat argitzen du, ez duena bertuterik, akatsik ez duena.
Genova, 2017ko uztaila