Bildumaren zerrendara itzuliIdazle beraren beste lanak


LIBURUARI BURUZKO
KRITIKAK

 

SUTAN

 

Kea ikusten da hemendik

zerurantz zuzen hasieran,

kiribilean geroago,

eta berez airearena dena eta ez dena

bereizten dituen altuera zehatzera iritsitakoan

zirkulu bihurtuta.

 

Etxe bat erretzen ari da urrunean

baina ez ditut garrak ikusten.

Kea soilik.

Berriro begiratu dudanean, ordu bigarrenean,

suhiltzaileen kamioiak beherantz datoz isil,

gidaririk ere behar ez duten

abelgorri handien antzera.

 

Gero ilundu egin zuen,

eta biharamunean argitu,

eta horrela jarraitu du gaur arte.

Erretako etxeari lore more batzuk erne zaizkio

hormako zirrikituetan.

 

Etxea erre zenean gizakioi bakarrik otu zitzaigun

«joan» edo «etorri» hitzak erabiltzea,

«sortu» edo «suntsitu» hitzak erabiltzea.

 

 

 

© Igor Estankona

 


www.susa-literatura.eus