Bildumaren zerrendara itzuliIdazle beraren beste lanak


LIBURUARI BURUZKO
KRITIKAK

 

LUISA BILBAOK MARI IKUSI DU

 

Azunbre bat burdinazko elai dabil teilatupean

joan-etorri perfektuak eginez,

olatuen zehaztasunarekin,

etxe barruan dagoenaren ikur eta irudi.

Portaleraino datorrela gogoratzen dut tia Luisa,

eguzki izpiek distirarazten duten

brontzezko edalontzi bateko ura bezain gazte.

Oraindik nire ama jaio barik dago

baina batera gaude,

ni iragankorra banintz bezala

eta tia betirako irauteko egina.

Iluntzea da portalean eta

azunbre bat burdinazko elai dabil

bere ikur eta irudi.

 

Zerua ireki eta Baltzolatik Gorbeiarantz

Mari dator txatarra dariola,

galdutako mundu bati

maitasunezko azken mehatxu bat jaurtiz.

Begiek ikus ditzaketen muinoetan

egia ikustea ezinezkoa bihurtu da.

Ez da berriro gertatu baina badakit hala izan zela,

bestela zelan da posible haren uhinez

ura ere gogoratzea?,

zelan da posible iluntze batzuetan

azunbre bat burdinazko elai ibiltzea teilatupean

joan-etorri perfektuak eginez, eta halako batean,

itzuli horietako bat egin gabe geratzea

lore batek haginka egin dielako?

Etorriko da espantua espantuaren gain

baina halakorik beharbada ez.

 

Orain ez dago.

Amaren gainetik eta nire jaiotzaren gainetik joan zen.

Hala ere San Migeletik gora datorrela

iruditzen zait batzuetan,

eta Marirena bezain erraza da sinesten

argizko trentza bat dela

zera esanez altxatzen dena:

«Ezer bota baino lehen,

errekan behera bizi direnez

gogora zaitez».

 

 

 

© Igor Estankona

 


www.susa-literatura.eus