Bildumaren zerrendara itzuliIdazle beraren beste lanak


LIBURUARI BURUZKO
KRITIKAK

 

BELTZA

 

«Lo zaude» esan nion eta ez zidan entzun.

Ukondoa burukoan jarri eta eskuaz aurpegia eutsiz

amildegi labur haren gainetik so egin nion.

Gustura, sakon zegoen lo.

Malko bat labaindu zitzaion trabes

auto baten leihotik labaintzen diren

tantak bezain bero.

 

«Ilargiari kirtena falta zaio igitaia izateko».

Etorkizuna beti da gezur barkaezina,

eta goiza ihintza izaretan.

«Hala ere», jarraitu nuen,

«asmatu genituen umeak entzun ditzaket urrun,

beste maila batean,

lehenengo berbak esaten...».

 

Bere aurpegian bila ibili ondoren ulertu nuen

ez zela jadanik nitaz gogoratzen,

argazki batek ere ez ziola lagunduko.

Bere lurralde ia osoa

muga zen nire lurralde ia osoarekin,

gerri inguruan oroitzapen baten antzera geratu den

zati hori salbu.

 

 

 

© Igor Estankona

 


www.susa-literatura.eus