Sinplistak
Sinplistak
2012, poesia
120 orrialde
978-84-92468-42-3
azala: Alain Urrutia
Hedoi Etxarte
1986, Iruņea
 
2021, poesia
2008, poesia
 

 

NORBERAK BERE IKUSPUNTUA DU

        (euro moneta unitatearekin irakurtzeko poema)

 

 

«Norberak bere ikuspuntua du» dio

hilean 2.700 jasotzen duenak.

«Masaila sorbaldatik bereiziko dizugu» dio

hilean 682 irabazten duenak.

«Bilatzen ez duelako ez du lanik...» dio

1.500 jasotzen duenak eta

«... ze lana, egon, badago» gehitu du

710 irabazten duenak, eta

715 irabazten duen lankideak

modu txarrean jaurti dio:

 

        ]ROBERT DESNOSEN ERRETRATUA

        Ikusi al duzu askatasuna?

        Berdintasunarekin oheratzen da,

        Zatar doa

        Eta ez bada gogaitzen

        itsasoko suge txiki bat emango diogu

        zeinak sorbaldak estaliko baitizkio,

        Anaitasunaren Estatu Batuen gisa batu[

 

682 irabazten duenak hirugarren

pertsona singularrean jarraitu du:

«1.500, 682, 2.700, 478 edo 3.500,

hori da bakoitzak duen ikuspuntua»

eta lehenengo pluralean oldartu da azkenik:

«Masailak sorbaldetatik bereiziko dizkizuegu!».

 

        [«kontuak ez dira hain sinpleak»

        otu zaio irakurle bati. Bada, esaguzu zein

        den zure ikuspuntua. «Demagogia hutsa

        egiten ari zarete kontu honekin». Ados,

        psikoanalisia zientzia dela onartzeko prest gaituzu

        borondate onez, 450 sesioko, Onfray testigu]

 

Péret zehaztasun ariketak egiten ari zen Massonentzat.

Ernstek bibotea ebakitzen zion luzapen-denborari

eta Gala Éluardek errebolberra biratzen zuen.

Egun, jakina da Plaza Berriko gillotinaren ahoak

huts egiten zuela aldian-aldian. Garai hartan

ez zegoen hain argi eta soberan zen oharpen oro.