Sinplistak
Sinplistak
2012, poesia
120 orrialde
978-84-92468-42-3
azala: Alain Urrutia
Hedoi Etxarte
1986, Iruņea
 
2021, poesia
2008, poesia
 

 

CURRICULUM SOZIALDEMOKRATA

 

 

                Demagun gizateriaren historia 24 ordu direla;

                jabetza pribatua, klaseak, aberatsen eta pobreen

                arteko bereizketa: azken 10 minutuak lirateke.

                injustizia / azken 10 minutuak.

                                                            Ernesto Cardenal

 

 

                Ez nago zakurrek belardia

                      kakaztearen aurka,

                belardia Guardia Zibilaren

                    aurrean dagoena bada.

 

[bueno... zu ezin zara kexatu]

Ezin zara, 628ko soldata 627koa baino altuagoa da

pixka bat es mucho

atzera goaz aurrera ez bagoaz

milesker kapitalaren think tankari eta bozgorailuei.

Ezin zara kexatu 366 euroko alokairua ordaintzean,

interneterako konexioa eta internet 34 euro.

Hobekuntza handien lekuko izan gara,

adibidez, McDonald'sek halal okela dauka

eta belarjaleentzako menua.

 

[bueno... zu ezin zara kexatu]

Sar zaitez irakaskuntzan eta bahitu jakintza,

izan praktikoa eta mespretxatu eztabaida.

Jakintzaren Tenplua ez da konjeturarako.

Curriculuma landu eta ez argudiatu doan.

Dolarra asmatu zuten urrea ezin zelako biderkatu

eta dolarra gutxiegitzat zutenean

mekanikoki asmatu zuten petrodolarra.

Transzendentziarik ez duen artea

balio ez duen eta existitzen ez den

urrearekin erosi:

[petitA perfect move]

Berezitu zaitez txikikeriekin, begiratu

sorbalda gainetik, kolaboratu Unibertsitate

zaharra Power Pointen zerbitzura jartzen,

ez jakin ezeri buruz, harro erakutsi zeure praxian:

Jakintzaren tenplua hutsik dago

Eman ta zabal zazu

curriculum sozialdemokrata munduan

Zergatik egin tesi bat?

Egin egin behar delako.

praktikoa azkarra berritzailea.

Zuri bost axola zaizu eztabaida

zure tesi zuzendariari bost axola zaio eztabaida

zure tesi zuzendariak hau besterik ez du nahi:

albait lehen ordaindu hirugarren etxebizitza,

murritz diezazkiotela eskola orduak,

Madagaskarrera joan ekoturismoa egitera.

Eta zuk ez duzu ron-kolak zerbitzatzen ibili nahi,

zure anbizioa landuko duzu Jakintzaren Tenpluan.

Orain norbait zara. Zeuri ere axola ez zaizun

gai batean aditua zara orain. Edo gauza beraren

aldagai alternatiboa: benetan gogoko duzun

horregatik ordaintzen dizute ehuko garbitzaileek

eta Arregi Esmalteak-eko langabeek.

 

[bueno... zu ezin zara kexatu]

Zergatik ezkondu? Ezkondu behar delako.

astean bitan desinteresatuki.

Zergatik eraman gaur Daviden izarrak trenean

eta ez patatak? Daviden izarren garaia delako.

egin egin behar delako

Beste guztia tentelkeriak dira, erretxinen asuntoak:

ahtren aurkako asanblada eta funtzionarioen greba.

curriculuma egokitu

Ez joan 10.000 lagunetik beherako elkarretaratze batera.

historikoa izateari uzteko arriskua

Inporta duena da ezerk ez duela inporta

gure ekintzez ari garenean, elizara joateari

utzi diogun katoliko ultrapraktikanteak garela,

askapenaren iruzurgileak,

irabazi asmorik gabeko dirudun umilak.

 

[bueno... zu ezin zara kexatu]

Polizia beharrezkoa da. Enpresariei ezin zaie

presio fiskal handiagorik egin, bestela lanpostuak

galduko ditugu. Denok izan nahi dugu futbolari,

edo gure semea izan dadila, edo gure alaba

hautatu argazki egokia

futbolari batekin ezkonduko dugu.

Nor dago Beti Alaves! banderola

balkoian jartzearen aurka? Nork ez du nahi

kaiola bat bere-berea, eskriturak eta guzti,

hiltzen denean jendeak esan dezan:

kaiolaren hipoteka ordaindu zuen,

bere-berea zen, ez zen beste batena

bere egongelako kaiola.

baina norena da belardia?

 

            Ez ditut eskuindarrak gorroto

        ezkertiarren artean lezioak ematen

            nahasten ez diren bitartean,

      orduan nahiago dut belardira badoaz.