Aurkibidea
BAT
Terrorista suizidak ginen biok baina neuk bakarrik leherrarazi dut neure burua
Ni neu naiz nire aukera kaskarrena
Interludioa
BI
Psikologoa eta poeta eta Pertur
Jasaten ez ditudan elkarrizketak
Interludioa
"Hemen hobeto gaude" diotenen kontra
HIRU
Masturbatuaren galderak bideo pornoaren ostean
Aurkibidea
BAT
Terrorista suizidak ginen biok baina neuk bakarrik leherrarazi dut neure burua
Ni neu naiz nire aukera kaskarrena
Interludioa
BI
Psikologoa eta poeta eta Pertur
Jasaten ez ditudan elkarrizketak
Interludioa
"Hemen hobeto gaude" diotenen kontra
HIRU
Masturbatuaren galderak bideo pornoaren ostean
GAUR GOIZEKO
POEMA SAIALDIAREN
KONTAKETA ZEHATZA
Gaurko goizaren lehen zatia nahiko antzua izan da.
Dinamika intimista batean sartuta egon naiz.
Soinuaren inguruko sasi-gogoetak idatzi ditut.
Goiza aurrera joan ahala katalanek ele geminatua
adierazteko duten sinboloa esaldien hasieran kokatzea
bururatu zait. Kortxetearen okurrentzia gauzatu nuenetik
egindako berreskuratze tipografiko azpimarragarriena.
1. adib.:
antza jazza da inprobisazioaren crême de la flemme
Oso elementu erabilgarria iruditu zait baina agian ez da
gaurko ekoizpenerako elementu erabilgarri egokiena.
Gero objektu desiratu baten eta
musika-tresna ezberdinen arteko
konbinaketa bat eratu dut.
Erdian lerratu dut ezkerrean lerratu beharrean.
Nerabeen baliabide ohikoa da
erdian lerratzearena eta horrela
poema gaztetuko nuen esperantza izan dut.
Komatxo latinoak jarri dizkiot garbi gera dadin
norbaitek ozen dioen zati bat dela.
2. adib.:
«Ezin dut zure aurpegia ikusi
bibrafonoa jantzita duzu.
Honek zentzurik ez duelako
merezi du jarrai dezagun.
Arriskurik gabe ez dut parte hartuko
gure zabor kitzikagarri honetan»
Ondoren bururatu zait kortxeteekin sartu ohi dudan
V-Effekt erako afixa brechtar bat jartzea
adierazteko erdian lerratutako unitate oro
(bio)gizon-(bio)emakumeen adin piramideen
antzera irakurri behar dela.
3. adib.:
[adin piramideak bezala irakurri
erdian lerratutako ahapaldiak]
Lehenengo (1. adib.) eta bigarren (2. adib.)
adibideetako soinuaren gaineko gogoetak
estetikoegiak iruditu zaizkit
eta gogoeta espazial bat egitea bururatu zait.
Pozik nengoen erdian lerratzean sortutako
afixa brechtiarrarekin eta erdian lerratzen jarraitzea
erabaki dut. Nahiz eta, ziurrenik, ezkerrean lerratuta
hobe geldituko litzatekeen gogoeta espaziala.
4. adib.:
Bada erdigunearekiko obsesioa,
«alderdia zentrora ekarri dugu»
edo
«gu geu izan behar gara ekoizten dugunaren erdigune»
entzuten da sarri.
Erdigunearen zentroa.
Argi dut zure periferian diren ahoak maite ditudala.
Zure hesteez, zainez, birikez, burmuinez
ez dut ezer jakin nahi.
Gogoaserik nintzen. Erdian lerratzearen baliabide tek-
nikoak ideia bat plastikoagoa egiteko aukera eman dit.
Hala ere kontrapuntu politikoa falta zitzaion.
Kontrapuntu politikorik gabe poemak ez zukeen
autozentsuraren zigilua zauritu gabe pasako.
Orduan gertakizun historiko klasiko batera jotzea
erabaki dut. Errumaniako sozialismo errealaren aurkako
altxamenduaren inguruko anekdota bat erabiltzea otu zait.
5. adib.:
Indar kontra-iraultzaileek
Alemaniako Errepublika Demokratikoaren edo
Errumaniako Herri Errepublikaren erorialdia ospatzeko
gobernuaren bandera zaharrak hartu eta
erdiko armarri komunistak mozten zituzten.
Banderak zulatuta gelditzen ziren.
Alemaniako eta Errumaniako banderetan
nik guztiz kontrakoa egingo nuke.
Atzeko gorria, urdina eta horia bost axola zaizkit niri,
poste elektrikoak, konpasak, garia,
mailua eta izar gorriak nahi ditut.
Bistan zen bosgarren adibideko (5. adib.) mezua
kontraesankorra izan zitekeela laugarren adibidean
(4. adib.) esandakoak esanda eta horregatik bertso
gehigarriak jarri dizkiot sekzio berari:
6. adib.:
Baina banderaren erdigunea eta zure periferia nahi izatea
ez da kontraesan antitetikoa. Ez du ezertan aldatzen
esan berri dudana.
Badaezpada berriz esango dut.
Argi dut zure periferian diren ahoak maite ditudala.
Zure hesteez, zainez, birikez, burmuinez
ez dut ezer jakin nahi.
Ordurako hamabiak eta laurden ziren,
dilistak ez nituen prest, ogia ez nuen erosia,
mopa pasa gabe zegoen eta ikuzgailuan
ordubete zeraman arropa garbia
usain txarra hartzen ari zen.
Azkenean olerkia bukatutzat jo dut.
Hala gelditu da olerki zirriborroa:
PERIFERIA
[adin piramideak bezala irakurri
erdian lerratutako ahapaldiak]
Bada erdigunearekiko obsesioa,
«alderdia zentrora ekarri dugu»
edo
«gu geu izan behar gara ekoizten dugunaren erdigune»
entzuten da sarri.
Erdigunearen zentroa.
Nik argi dut zure periferian diren ahoak maite ditudala.
Zure hesteez, zainez, birikez, burmuinez
ez dut ezer jakin nahi.
Indar kontra-iraultzaileek
Alemaniako Errepublika Demokratikoaren edo
Errumaniako Herri Errepublikaren erorialdia ospatzeko
gobernuaren bandera zaharrak hartu eta
erdiko armarri komunistak mozten zituzten.
Banderak zulatuta gelditzen ziren.
Alemaniako eta Errumaniako banderetan
nik guztiz kontrakoa egingo nuke.
Atzeko gorria, urdina eta horia bost axola zaizkit niri,
poste elektrikoak, konpasak, garia,
mailua eta izar gorriak nahi ditut.
Baina banderaren erdigunea
eta zure periferia nahi izatea
ez da kontraesan antitetikoa.
Ez du ezertan aldatzen
esan berri dudana.
Badaezpada berriz esango dut.
Argi dut zure periferian diren ahoak maite ditudala.
Zure hesteez, zainez, birikez, burmuinez
ez dut ezer jakin nahi.
Ez naiz erabat ziur gelditu.
Autozentsoreari bidali aurretik bihar goizean
birpasatuko ditut ostera bertsook.
Arias burkideak dio
lehenengo bulkadaz mesfidati izan behar dugula
eta nik osoki estimatzen ditut
Arias burkideak ematen dizkigun argibideak.