Sinplistak
Sinplistak
2012, poesia
120 orrialde
978-84-92468-42-3
azala: Alain Urrutia
Hedoi Etxarte
1986, Iruņea
 
2021, poesia
2008, poesia
 

 

HOSTO HILAK JASOTZEN

 

 

                Otsoak zakurrak gorroto ditu

                eta pertsonak.

                Baina batez ere zakurrak.

                                Sergei Dovlatov

 

 

Gaur gauean trenean sartu da Itziar Iriarte.

Donostian igo da eta Gasteizen jaitsiko da.

Bere konpartimentuan angolar bat,

bi frantses eta Parisko portugaldar bat doaz.

 

Isileko poliziakide nabarmenek

NAN zenbakia eskatu diote, gurasoen

izen abizenak, non jaio den, nondik

datorren, nora doan, zer egin duen han.

 

Agenteek alde egin dutenean

Itziar Iriartek frantsesetako bati esan dio:

«Bai, andrea, hemen guk egiten dugu

paperik ez dutenen papera,

homo sapiens sapiens zuriok».

 

Behiala mugazainek ipurmasailak

zikindu zizkioten Itziar Iriarteri.

Sei zineten, bera bat.

 

Jakizue, hosto hilak bezala eroriko dela

bere xafla zuen lepoetan! Bere justizia

ez dela itsua eta zuen uniformeak daramatzaten

guztien gainean pisu berberaz trenkatuko dela.

 

Itziar Iriarteren errepublikan

hilotzak izango zarete eta

ipuinen estatusa izango duzue

desagerrarazi ostean.

 

Itziar Iriartek ez du errukirik izango,

zaborra delako zuek ukitutako guztia.

Erre egingo du zuek landutakoa,

lehertu egingo du zuek begiratutakoa,

urperatu egingo du zuek piztutakoa.

Erraustu egingo ditu zuen herriak

eta zabortegiak eraikiko gainean.

 

Itziar Iriartek zuen gorotzak

janaraziko dizkie zuen seme-alabei.