Sinplistak
Sinplistak
2012, poesia
120 orrialde
978-84-92468-42-3
azala: Alain Urrutia
Hedoi Etxarte
1986, Iruņea
 
2021, poesia
2008, poesia
 

 

HAU EZ DA ALIANTZA TAKTIKOA

 

 

Jomugan zaituztegu,

zibilizazioen eta herrien arteko

guden sustatzaile erreboltariak!

 

Elkarren etsai garela antzeztu dugu

eta hala izan ez dela dioenak

osteratxoa egingo du epaitegira

adierazpen errebisionista egiteagatik.

 

Ez dugu geure jokoa ulertu nahi izan:

batzuek garagardoa hatsean eta besteek kafea,

batzuen freskagarria besteen ron-kola.

Beltzez estaltzen dugu lepo gainekoa batzuek,

lurrin eta makillajez apaintzen duzue besteek.

 

Geure buruetan dagoena ikusten duzuenez

ez dugu ezer ulertzeko ahaleginik egin,

jakin ez zenezaten azken unera arte egingo genuena.

Irrati formulak entzuten ditugu eta

piraten uhin enkriptatuek xehatzen dizkigute hitzak,

dubstep epileptikoekin zapaltzen dugu mahatsa

eta bizarra egiten digute harizko laukoteek.

 

Begi-puntuan zaituztegu,

pedantekeriaren aurkako populistak!

 

                                        [a-anti-antigafapastistak!]

 

Duela hogei mende San Jose plaza habitatzen genuenok

edo duela hogei minutu heldu garenok

berdin egiten dugu garrasi,

700-euristen eskuez sakelakoetako dezibelioetan

rap azpiproletario yankeea entzutea laket dugu.

 

Pedofiloak gara. Eta gerontofiloak.

Gurtu egiten ditugu poligamo asexualok:

Malcolm eta Maradona,

Keny eta Karl,

Dj Msn eta Manfred Mann.

 

                                  [ez dugu pastel zati bat nahi,

                                    pasteldegi osoa nahi dugu!]

 

Hau ez da aliantza taktikoa,

talde bera dugu osatzen.

Zelula bakoitzean haragitzen ditugu

abangoardia eta erretagoardia:

koadroak gara, liderrak eta ardiak;

dominatzaileak eta dominatuak.

Berdin janzten gara, baina ez

ezberdin izan nahiaren dinamikak

puntu berera helarazi gaituelako;

aurrekontuak eta konbikzioak batu gaitu,

burua estaltzeko daramagu kaputxa

eta izerditan gaude kapusaiaren azpian.

 

Zerrendan zaudete,

hiperklasetarrak eta 3.000-euristak!

 

Eta paperetan egotearen beldur dena ere

trenean sartuko da: Maximilien da gurekin.

Zerbitzariak, komun garbitzaileak,

maisu-maistrak, arratoiak gara. Eta katuak.