Sinplistak
Sinplistak
2012, poesia
120 orrialde
978-84-92468-42-3
azala: Alain Urrutia
Hedoi Etxarte
1986, Iruņea
 
2021, poesia
2008, poesia
 

 

P JAUNAREN JELOSIA

 

 

Z tabernariak gizonak zituen gogoko

katramila afektiboak abian jartzeko.

Aldapa ostatuan lan egiten zuen

ostegun, ostiral eta zenbait larunbatetan

eta aldian behin diseinuak egiten zituen

ekonomikoki aiseago irauten segitzeko.

Fadoak eta kabaret abestiak atsegin zituen

Z tabernariak. Ez zuen ariketa fisikorik egiten.

 

M andreak Aldapan edaten zuen kafeina.

M andrea bi arazo larritan sartuta egona zen

eta zintzoki lagundu izan zion P jaun adeitsuak.

 

P jaunak emakumeak zituen gogoko eta

maite zuen M andrearekin gauzatu zuen katramila.

Mercedeseko ingeniaria zen P jauna,

negozio bidaiak egiten zituen Eslovakiara eta

Alemaniara. Azazkalak jateko ohitura zuenez

eskuak mintzen zizkioten hatz-bizarrek, baina

gustu ona izateko adina bazuen kreditu txartelean.

Sofistikatua izaten bazekien, jazza eta opera italiarra

gogoko zituen, astean hirutan joaten zen gimnasiora.

 

P jaunak gorrotoa zion Z tabernariari.

Z tabernariak ez zuen zergatia ulertzen,

ez zuen arrazoi taxuzkorik bere ustez.

P jaunak bere izaera osatzeko

konplexuak izango ote zituen?

Z tabernaria estonatuta zegoen: zer zeukan

berak ikustekorik horretan guztian?

Harritzekoa zen, hain zen arrakastatsua P jauna:

kotxe ekoizleen eta legebiltzarkideen txalo,

laudorio, eskupeko, zorionak jasotzen zituen;

erreferente bat zen lankideentzat.

 

M andreak ere ez zuen ulertzen zergatik

hitz egiten zion gaizki Z tabernariari buruz

eta zergatik egoten zen marmar etengabean.

Edonola ere, M andreari aski dibertigarria

iruditzen zitzaion P jauna: txarto mintzo zen

ingeniariez, muntaia katekoez, garbitzaileez

eta are bere buruaz ere irri egiten zuen.

«Bai, P ingeniariak gora egin du, bost axola zaiolako

Mercedes kotxeen kolpebabesa erresistentea den

edo ez» antzezten zuen P jaunak P ingeniariaren rola.

 

P jaunak arrazoibide molde hau erabiltzen zuen:

ongizatea duenak ongizatea merezi duelako du,

zoritxarra duenak zoritxarreko izatea merezi du.

Haren arabera, garbitzaileak nahikoa saiatu ez ziren

muntaia kateko langileak ziren, muntaia kateko

langileak nahikoa saiatu ez ziren ingeniariak.

Z tabernariari tentelkeria iruditzen zitzaion.

Eta P jaunak gorrotoa zion. «Jasanezina da»

esaten zion M andreari, edo «Harroputz bat da»,

edo «Ez du tonu egokia». Baina P jauna ez zen ari

Z tabernariaren dikzioaren tesitura ezbaian jartzen.

 

Z tabernaria zoritxarrean oinarritutako

mundu ordenaketan behe mailan zegoen, baina

bere hatzen bidez biluztu egiten zituen erregeak,

bere hitzen bidez tigre gisa jokatzen zuten arratoiak

arratoi zirela azaltzen zuen. Eta orduan P jauna

nahigabetu egiten zen tigrea ezin izateaz.

P jaunak gorroto itzela zion Z tabernariari.