Sinplistak
Sinplistak
2012, poesia
120 orrialde
978-84-92468-42-3
azala: Alain Urrutia
Hedoi Etxarte
1986, Iruņea
 
2021, poesia
2008, poesia
 

 

SOZIALISMO ERREALA

 

 

M langabeak kapitalismoan

izan zuen aurreko bikotekidea.

Krisiek indartzen zuten harremana,

krisiek iragartzen zituzten ziklo berriak,

bazekiten kudeatzen eta hitzarmenak negoziatzen.

 

L kontablearekin sozialismo erreala bizi izan du:

egonkortasuna, premia gutxienekoen ziurtatzea,

nudismoa, pilula antisorgailua, gizarte berdintasuna,

kultura doan, garraio publikoak prezio neurritsuan,

trikimailurik gabeko hauteskundeen zoramenik ez.

Argi zegoen hautua: M-k L. L-k M.

 

L kontablearen aurreko proiektua zutitu

egiten zen faxismo bakoitzaren ostean.

Baina urte batzuk igarota, Perestroika eta gero

ez dago perspektibarik, ez dute herentziarik:

debekatuta zuten masa berdinzalearen onerako.

Zahartuta eta maiztuta geratu zaizkie jantziak ere.

 

M langabeak ez du L kontablea pizten

berrikuntzarik gabeko orrazkerarekin.

Lehen primerakoa zen nahikotasunez eta

apaltasunez bizitzea. Orain ordea, harresia

zeharkatu orduko 100 markoak nahi dituzte

eta eder sentitu. Halaxe esan ohi dute:

«Gizakiak berezkoa du berekoitasuna».

Hurkoa baino gehiago izan nahi dute,

gehiago izateko eskubidea aldarrikatu,

elikagaien trafiko legalaren zurrunbiloan jardun.

 

Sozialismo errealean bizi izandako

M langabearen eta L kontablearen

bizimodua akabatu egin du

kapitalismoa berpizten duen krisiak.

Bandera zulodun baten truke

saldu dute sozialismo erreala.

Gaur egun hipotesi bat dira, ez dute besterik,

urrutiko sozialismoei egiten diete gorazarre

zenbat eta urrunago hobe dio Filosofoak—.

 

Merkatu lobotomiak badu konponbidea,

baina M-k eta L-k ez. Eta hala ere

M-k sozialismoa egin nahi du L-rekin.

Irreala edo magnetikoa, gillotinaz edo lumaz,

emakumez jantzita edo hiperklasea erailda

1812 obertura bozgorailuetatik entzuten dela.

 

Eta metal detektagailuen artean ez egoteko

sozialismo erreala gaitzestera behartzen badute M,

esango die urteen joanean handitu egin zaizkiela

etxeen metro koadroak, eta ez zituztela

kontuak atera, lur saindua ez dela sortzen

egun bakarrean, izurriteak izango zituztela

jakitun zirela, gizarte berria distantziaz eta

gorotzez eraikitzen dela, barrua eta kanpoa

ospitaleak direla merkatuaren lobotomian.

 

Sozialismoa instalatzeko bide-orria berrabiarazi du

M langabeak. Sistema konbinatua: L kontablearekin

eta bestelako burkideekin. Urgentziazko prozedura.