Sinplistak
Sinplistak
2012, poesia
120 orrialde
978-84-92468-42-3
azala: Alain Urrutia
Hedoi Etxarte
1986, Iruņea
 
2021, poesia
2008, poesia
 

 

EMAKUME BAT MAITATZEA

 

 

Arabako Arte Ederretako Museora doala

Imanol Leozek bere buruari esan dio:

«Erridikulua da emakume bat maitatzea».

 

Arabako Arte Ederretako Museoko metalezko ateek

burutxoak dituzte, irtetean begiratzen zaituzte

eta horrek Imanol Leozen pentsamendua garatu du:

«Emakume bat maitatzea da ohartzea, oinez zoazela,

albotik igaro zaizula txirrindulaz, aurreratu egin zaituela

ziztuan. Ipurmasail lirain horiek ikusi dituzu aulkian.

Ezti koloreko lepoaldea du, nabarmenegia. Abian doa

tixert gorri askea. Badakizu ez duzula sekula berriz

ikusiko txirrindulari emakumezkoa, eta orduan

zure eta bere arteko distantzia handitzen den heinean

handitu egingo da zure maitasuna. Erremediorik gabe.

Haren atzetik korrika joatea da maitasuna, izerdi

patsetan, tempoak larri zauritutako atleta baten moduan.

Ez gehiago berotzearren oinez jarraitzea erabaki duzu

baina horrela, bistan da, ez zara inora iritsiko».

 

Arabako Arte Ederretako Museo aurreko belardian

Imanol Leozek ahots gora esan du:

«Ridikulua da emakume bat maitatzea».

Baina Baskonia saskibaloi taldearen aldageletan

gertatzen ari denaren zuzeneko emanaldia

entzuten ari da sarrerako morroia.

 

Imanol Leozek ez du Arabako Arte Ederretako Museoan

lan egiten, baina hangoek hala balitz bezala jokatzen dute.

Entzungailuak kendu ditu sarrerako morroiak eta

Imanol Leozek azaldu dio: «Emakume bat maitatzea da

ikustea nola zu oinez zoazen eta bera txirrinduan, eta zu

izerdi patsetan, tempoak larri zauritutako atleta

baten moduan, eta kito!, hurrengora arte!».

Orduan sarrerako morroiak Imanol Leozi esan dio:

«Naiara Zubeldiaren senarra naiz».

 

Arabako Arte Ederretako Museoa

historiako lehenengo museo interaktiboa da:

ibili ahala lurrak karrak egiten du lehenengo solairuan.

Naiara Zubeldiaren senarra jakitun da, eta sarri

horregatik dute gehiagotasun ukitua bere hitzek.