Aurkibidea
BAT
Terrorista suizidak ginen biok baina neuk bakarrik leherrarazi dut neure burua
Interludioa
BI
Psikologoa eta poeta eta Pertur
Gaur goizeko poema saialdiaren kontaketa zehatza
Jasaten ez ditudan elkarrizketak
Interludioa
"Hemen hobeto gaude" diotenen kontra
HIRU
Masturbatuaren galderak bideo pornoaren ostean
Aurkibidea
BAT
Terrorista suizidak ginen biok baina neuk bakarrik leherrarazi dut neure burua
Interludioa
BI
Psikologoa eta poeta eta Pertur
Gaur goizeko poema saialdiaren kontaketa zehatza
Jasaten ez ditudan elkarrizketak
Interludioa
"Hemen hobeto gaude" diotenen kontra
HIRU
Masturbatuaren galderak bideo pornoaren ostean
NI NEU NAIZ
NIRE AUKERA KASKARRENA
Ni neu izango naiz nire aukera kaskarrena.
Ez naute balaz josiko kotxean noala.
Jacques Mesrine hil dute. Robert Broussard-ek zuzendu du operazioa. Zuzenean tirokatua, ezin izan ditu aulki azpiko granadak erabili. Sylvia Jeanjacquot bikotekidea zauritu dute. Ileorde gorrixka zeraman, bere urtebetetzea zen. Senarra exekutatu dute. Irudiak ikusi ditugu. Hildakoari aurpegia ere desegin diote balek, segurtasun uhalak eusten du gorpua. «Berpizkunde italiarreko pietà bat dirudi» esan du idazleak. «Miragarria da» esan du idazleak, horrorea dela, baina gaur egun pentsaezina dela 1979an bezala heriotza hala erakustea. «Basurde bat bezala» esan du.
Ez naute harrikatuko hil arte.
Esan nizun zerbait esan duzu. Horrek poztu
edo tristatu behar nindukeen zalantza dut.
Ez dut zu ukitzeko beharrik, zu ni zarelako.
«du selbst bin ich»
Ez zegoelako pluralik gure lehen pertsonan
elkar inguratzen ginelako hitzen beharrik gabe.
Ni neu
erabat ez sendatzeaz arduratzen den botika
zauriak mantentzeko ukendu
zoramena kroniko egiten duen terapia.
Zure begi handientzat ez naiz izango bizidun
zure hatz finentzat izango naiz okel.
Txalo zinikoak jasoko dituzte nire gorpuzkinek
«gu ere mediokreak gara —egingo duzue otoitz— guk ere ez dugu eman behar genuen guztia, ohean gelditu gara hitzordura berandu iristeko, zikindu dugu haziz eta uzkiz aurpegia».
Begirada lohia duzuenez zuek ere ez duzue
izan bularrik eraildako lapurrak zinetenean
ukabilak hertsirik bakarrik utzi zaituztete
autonomiaren eraikitzean.
Askatasuna ez da jaioberria zazpigarrenetik askatzea euriak umetokiaren arrastoak garbitzen dizkiola. Bizitza zer den ezagutuko du azkenik. Ez dut pubiseko zilbor-hestea moztuko tente geldituko naiz zure barruan ez nauzu balkoitik behera botako nire jatorria zu zarelako alua.
Ez dut nahi nire gorpuzkin osasuntsuek
beste pertsonarik salba dezaten,
ez dut dohaintzarik egingo hil nahi dudalako,
ez dut sugarretan hauts izan nahi,
sentitu nahi dut naturak oparitzen didan
desagertzeko bide luzea. Kimika hutsa da:
usteldu egiten naiz eskatzen didazunean
malkoak atxikitzeko.
Ez zenuke ileorderik jantziko.