Aurkibidea
BAT
Ni neu naiz nire aukera kaskarrena
Interludioa
BI
Psikologoa eta poeta eta Pertur
Gaur goizeko poema saialdiaren kontaketa zehatza
Jasaten ez ditudan elkarrizketak
Interludioa
"Hemen hobeto gaude" diotenen kontra
HIRU
Masturbatuaren galderak bideo pornoaren ostean
Aurkibidea
BAT
Ni neu naiz nire aukera kaskarrena
Interludioa
BI
Psikologoa eta poeta eta Pertur
Gaur goizeko poema saialdiaren kontaketa zehatza
Jasaten ez ditudan elkarrizketak
Interludioa
"Hemen hobeto gaude" diotenen kontra
HIRU
Masturbatuaren galderak bideo pornoaren ostean
TERRORISTA SUIZIDAK GINEN BIOK
BAINA NEUK BAKARRIK
LEHERRARAZI DUT NEURE BURUA
Esaten dizutenei gure maitasuna ohiz kanpokoa dela
ohiz kanpoko egoera batean jaio delako
esaiezu, hain zuzen, borrokan ari garela
geurearen moduko maitasun bat
(borrokakideen artekoa)
noizbait El Salvadorreko
maitasunik arruntena izan dadin.
Roque Dalton
Gurea zen zure etxeko hormetan
klarionez zuritu nituen eskuak.
Orain, eskolek —nagoen honek,
egon naizenek eta sortzen saiatuko
naizenek— su har dezaten proposatu dut.
Gurea zen zure etxeko hormetan
nire gorpuzkinak daude erakusgai.
Nire saihets laurdenkatuaren pean
makurtu dituzu belaunak
berriz ere, eta betiko
neure burua desagerraraziko dut.
Nire ondasunak zuretzat.
Irakurri nahi nituzkeen
liburuen bibliografia da daukadana.
Joanen naizenean, erakutsi dizkizudan
hirietako planoak disekatuko dituzu hormetan,
nire marrazkiekin baldosak dekoratuko.
Kaleen kartografia zendutakoaren takigrafia da.
Oso ilustratua da Joseph Roth baina ez du
gaur egungo Rosa-Luxemburg-Platz geltoki inguruan
bizitzeko baliozko datu funtsezkorik ematen.
Gurea zen zure etxeko hormetan
nire gorpuzkinak daude erakusgai.
Leherketaren hondarrekin apaindu zara.
Ez dakit gerririk aurkituko dudan
tinta estilografikoz jantzi nahiko duenik.
Egun hori itxaroten dudan honetan
Gutrune gurtuko dut, belarriak zorrozten
dizkizuela dialektika eta diapasoiaz,
mundu emankorrean Attila Baader egin
nazan, behin eta berriz hutsik diren
autobusekin batera geure buruak zartatuz.
Bake beroan
gerra hotzean
baino okerrago
eta garestiago
jaten dugulako.