Sinplistak
Sinplistak
2012, poesia
120 orrialde
978-84-92468-42-3
azala: Alain Urrutia
Hedoi Etxarte
1986, Iruņea
 
2021, poesia
2008, poesia
 

 

HIRIAK MAITE DITUT

 

 

Diotsudanean hiriak maite ditudala

ari naiz aldizka azaltzen diren zebrabideez

eta antzokiko beheko jarlekuez,

eta crustaz, raveez eta piano boskoteez.

 

Maite ditudan hitzak,

soinuak eta ideiak han jaio dira

—eta hori identitate afera honetan ez da absurdua—

zu ere hirian jaiotakoa zara

gu ere hirian sortu eta hazi ginen.

 

Ari natzaizu ilunabarrean balkoian

xurgatzen duzun zigarretaz eta

askatasunaz, berdintasunaz eta anaitasunaz.

Diotsudanean hiriak maite ditudala

oroitarazten didazu Mussolini;

halere iruditzen zait Novecento filmeko Attila

eta alkandora beltzak ez direla psikiatriarekin

lotu behar baizik eta ekonomiarekin.

 

Zura ere nahiago dut herrietako

hezetasun, aire garbi, ogi goxo,

paraje eder eta izara zuriak baino,

tolerantzia eta etxeko marmelada baino,

eta ez naiz bereziki arte poveraren maitalea,

ezta anti-estetikaren jarraitzaile sutsua ere.

 

Nahi dut karbonoaren zikloa egiten digun euriak

ilea jan diezagun Javik mikrofonoari

txistu egin dionean ilunpe borondatezkoan.

Tximiniak eta zu, izkinetako zabor poltsetan.

Razzia polizialekin.

Boskote batek ostiral gauetako iraultza

Wotan jainkoaren makilako sinboloak dituen

arropa denda jipoitzearekin lotzen duenean.

Polizia militarren —eta haien senideen—

aldeko masakreak sustatzen dituzten arkitektoekin.

Eros daitekeen sexuarekin.

Trafikatzen diren arroz edukiontziekin.

Diotsudanean hiriak maite ditudala amiantozko

kaiola herdoilduari buruz ari natzaizu.