Aurkibidea
BAT
Terrorista suizidak ginen biok baina neuk bakarrik leherrarazi dut neure burua
Ni neu naiz nire aukera kaskarrena
Interludioa
BI
Psikologoa eta poeta eta Pertur
Gaur goizeko poema saialdiaren kontaketa zehatza
Interludioa
"Hemen hobeto gaude" diotenen kontra
HIRU
Masturbatuaren galderak bideo pornoaren ostean
Aurkibidea
BAT
Terrorista suizidak ginen biok baina neuk bakarrik leherrarazi dut neure burua
Ni neu naiz nire aukera kaskarrena
Interludioa
BI
Psikologoa eta poeta eta Pertur
Gaur goizeko poema saialdiaren kontaketa zehatza
Interludioa
"Hemen hobeto gaude" diotenen kontra
HIRU
Masturbatuaren galderak bideo pornoaren ostean
JASATEN EZ DITUDAN ELKARRIZKETAK
Hiru urtez denbora galtzen egon nintzen.
Haragia eta hezurra izan nahi nuen, niretzat
haragia eta hezurra izan nahi zuen norbaitentzat.
Inpase batean sartu nintzen L andereñoak ez zuelako
egitasmo fisiko eta emoziozko bat izan nahi nirekin
eta P andereñoak ez zuelako inolako gogorik
egitasmo fisiko eta emoziozkorik abiatzeko.
Egoera halakoxea zela, lantzean behin
beste andereñoren batekin elkartzen nintzen,
errealitate epidermiko eta mental ezberdinekin
frogak egiteak zer sentiarazten zidan probatzearren.
Jasanezinak ziren, Xostakovitxen sinfonia bat
entzuten ari den tanke gidari negartia bezalakoak.
Askotan esan zidaten: «Orain bizitzako puntu
batean nago zeinetan...». Fase hitza ere maiz
errepikatzen zuten, politikoek esan ohi dituztenak
kafetegi mahaietan mimetizatzen direla berretsirik.
«Ni lehen ______lakoa nintzen, baina ______
gertatu zitzaidan eta ordutik ______lakoa naiz»
bezalako formulazioen zaleak ziren andereñoak.
Munduan zuten instalazio poetiko berezi eta
ezberdina azpimarratzearren, kapazak ziren
gertuko senide baten gaixotasuna erabiltzeko.
Antzezpen bat egiten zidaten, baina nik ez nuen
ikusle izan nahi, amaieran txalo egitera behartuta
banengoen. Munduan zehar egondako lekuen
zerrenda egiten zidaten, batzuetan grafikoki
ilustratzen zuten teknologia berriak erabiliz.
Edo sekulako gorrotoa diedan erakundeen
karitateari esker hona edo hara lan inutil bat
egitera joan nahi zutela esplikatzen zidaten.
Seko aspertzen nindutenez, neure buruarekin
haserretzen nintzen: denbora galtzeagatik
eta espektatibak eta desirak zapuzteagatik.
Mundu ordenaketa anker batean arrakasta izateagatik
harrotzea tristea iruditzen zait. Baina noizbait
izango omen duten arrakasta profesionalagatik
gehiagotasun ukaezina aho betean adieraztea
harridura handia sortzen didan fenomenoa da.