Sinplistak
Sinplistak
2012, poesia
120 orrialde
978-84-92468-42-3
azala: Alain Urrutia
Hedoi Etxarte
1986, Iruņea
 
2021, poesia
2008, poesia
 

 

ESKUINAREKIN OHEAN

 

 

Jon Errekaldek ez du zalantzarik:

katoliko laikoen eskuen puntak dira zinbelenak,

haiexek dute erritmorik gozoena.

Beste patxada batez nahasten dituzte oroitzapenak

kontu korronteak hutsez borobilduta dituztenek.

 

            ]Hobe eraila izatea hiltzea baino[

 

Jon Errekaldek zeruertzeko aliantza

egin du eskuin klasikoarekin.

«Oroitzapenen kudeaketa polita».

Polita hitza debaluatu denetik

gusturago ahoskatzen du Jon Errekaldek.

 

Nekane Muruak jakintzaren zati bat

pribatizatu egin zuen; bere izenean erregistratu eta

ideien hustuketa egin ondoren disekatu egin zuen

Jonen azala, eta Jesus Christen ondoan jarririk

enplegu erregulazioa egin eta kanta bat eskaini zion.

Ukabila estutuz poloniera ikasi zuen Jon Errekaldek.

Rosa Luxemburgen dizipuluak

«chauvinista ukrainarra!» zela leporatu zion.

Irrigarria da, hein batean, Jon Errekaldek

ez dituelako inoiz espainiar proletargoa

ahultzen duten jarrera separatistak ezkutatu.

 

Jon Errekaldek ez du zalantzarik:

ez dago ohe eskuindar bat baina finagorik,

eskuindarrena da bilo miazkagarriena,

ez da han ez perbertsiorik ez gezurrik.

            ]«ateoa da kristaua izateko

            gaitasuna duen bakarra»[

Liberal libertarioen transgresioak

oka eragiten dio Jon Errekalderi:

ez da berdintasunaren zale den maitasunik

eta errealitatearen printzipioa gailentzen da beti

            ]«behetik eta goitik»[

erakarpenaren tiraderan.

 

Jon bere buruaren lexikalizazioa dela

argi utzi diote Nekaneren nazka bekainek.