Goseak janak
Goseak janak
2018, poesia
96 orrialde
978-84-17051-20-4
azala: Ainara Lasa Perez
Idurre Eskisabel Larraņaga
1970, Beasain
 
2019, saiakera
 

 

ATSO

 

 

Genetika, biozientzia, kosmetika,

makrobiotika, autolaguntza, kiroldegi,

homeopatia, farmazia, psikoterapia

eta gainerako jainkoek

—edo, auskalo, patuak zein kasualitateek—

ematen badidate

sasoiaren denbora zilegiak

gainditzeko opari mina,

gauza bat eskatzen diot

kontzientziari:

 

Egin dezala sentimenduaren kontra

 

Eta

bihur dezala bakea bermatzera

bezatutako mingaina

zentzu komunaren eta probetxuaren

aurkako mizto

Bihur ditzala maitasuna oretzera

ohitutako atzamarrak

liskarra pizteko zartailu,

besteak zaintzen hezitako eskuak

neure burua babesteko ezkutu

 

Eta

ez diezadala laga

adats zuri-urdindu dotore eta bildura makurtzen

Aitzitik, adoretu nazala platino deigarrienera,

barbiturikoen aurretik

bizitza hurrupatu duen Marilyn maiztura:

ilea, utopiazko distiren gogo,

ezpainetako gorria

bizi-marken odolbildu

 

Eman diezadala ausardia

mami amilduak

okela irmoko neskatoek bezala kulunkatzeko,

gaztetasuna sikatu ahala

alua inoizko uholde handienetan blaituko didaten

desioak fabrikatzeko

 

Eta, batik bat,

eragotzi diezadala

amama, amona, amatxi izatea

goxo, oparo eta, batez ere, neurritsu

 

Hain justu,

ahapeka eta ikaraz

erregutzen diot egin nazala

atso

grina itxuragabeagatik itsusi:

zentzuzko begientzat zatar

egokitasunak jantzitako begiradentzat zantar

Egin nazala

atso,

antzu,

sabel lehor,

mendeetako morrontzarik

beste behin erditzeko ezgauza