Goseak janak
Goseak janak
2018, poesia
96 orrialde
978-84-17051-20-4
azala: Ainara Lasa Perez
Idurre Eskisabel Larraņaga
1970, Beasain
 
 

 

BRISTADA

 

 

Mingain punta bustiaz

lehortu didazu

begi ertzetik malkoa,

mingain punta bortxatzailez

askatu didazu

eztarriko zulotik

aspaldi —oso aspaldi—

agortutako uholdea

 

Atzamar punta leunez

kamustu dizkizut

urdailean iltzatutako triku arantzak,

atzamar punta likatsuz

garbitu dizkizut erraietatik

aspaldi —oso aspaldi—

zornetan usteldutako orbainak

 

Jan dizkiogu elkarri

aho, behatz, titi, belarri,

masail, zakil, lepo, alu,

ipurdi, begi, izterrak

 

Zukutu gara

listu, izerdi, hazi, odoletan

 

Edan zaitut,

edan nauzu,

estali ditugu elkarren zuloak,

bete elkarren hutsuneak:

ase eta oso berpiztu gara

 

Edo...

nola esan...

 

bristada batez hala iruditu zaigu

nahiaren (eta beharraren)

ispiluan