Goseak janak
Goseak janak
2018, poesia
96 orrialde
978-84-17051-20-4
azala: Ainara Lasa Perez
Idurre Eskisabel Larraņaga
1970, Beasain
 
 

 

LEZIOA

 

 

Bero galdak

denbora galgatu zuen

uztail amaiera hartan

eguzki errainu erreek

atariko lurrean atzamarkaturiko

pitzaduretara

botatzen zuten beren burua

inurriek

neguko ikatz usaina zuen

amonaren sukalde hark

ur-ardoa ematen zigun aitonak

iraultzarako deiak

pilatzen ziren

osabaren paperetan

arrosarioak eta Las Vulpesek

elkarrekin dantzatzen zuten

arasako irratian:

“Agur Maria, sortzez garbia”

“Me gusta ser una zorra”

Agur Maria, una zorra

 

Bazkalondo eternalean

mortu bihurtzen zen etxe hura,

mortu kalea, auzoa, hiria:

fabrikaren amaigabeko burrunba sorra,

garitzetako mitxoleten dardara,

besterik ez

 

Eta, orduan,

gorputz nintzen

egurrezko kontrabentanek

itzalitako ohantzean

 

Gorputz nintzen

 

Erupzioan sartutako gorputz bat

zeinak arnasa bakoitzeko sentitzen zituen

bilo pubiko eta titi formako alienak jaiotzen,

lurrikaratutako gorputz bat

ume gorputz promestutik

eme gorputz amaitura

amiltzen…

alu-bihotzetako dardarak

esanahi eta, batik bat, arrisku

berritan mamitzen zituen gorputz bat…

 

Gorputz nintzen

 

Gero, arrats beheran,

kontrabentanak zabaltzean,

apenas lumaturiko txoritxoen hilotzek

estaltzen zuten leiho ertza

habiatik salto egitean

teilatu ertzeko zink goriak kiskalita

 

Eta, ni, jada, gorputz nintzen