Goseak janak
Goseak janak
2018, poesia
96 orrialde
978-84-17051-20-4
azala: Ainara Lasa Perez
Idurre Eskisabel Larraņaga
1970, Beasain
 
 

 

AZKENEAN

 

 

Goizalba, bezpera, albiste

eta ‘atsegin dut’ik gabeko

arrats batez,

segidako enegarrenean

—o, eta izar alderrairik ez...—

belar naroa amorruz zapalduko dut,

eskuineko hankaz

 

Elorri arantzak estutuko ditut

ezker ukabilean,

odoletaraino

 

Hartxintxarrak narritatuko ditut

oin zola biluziz,

azal urratutan

xahutu arte

 

Ahuspez etzango naiz lurrean

 

Dastatuko dut basatza

mihiaz,

itoko nau lohiak

ahosabai eta sudurzuloetan gora

 

Hobia zulatuko dut

bularrez,

humusetan likatuko zait sabela,

goroldioa eta harrak

igoko zaizkit izter artean gora

 

Etzango naiz lurrean

(espanturik gabe, oxala)

altzoaren bila

 

Itsutuko ote nau argiak