Goseak janak
Goseak janak
2018, poesia
96 orrialde
978-84-17051-20-4
azala: Ainara Lasa Perez
Idurre Eskisabel Larraņaga
1970, Beasain
 
 

 

ALIZE

 

 

O, Alize,

bazoaz promenatuz

herrialde miresgarrian

dena adosatu,

dena duplex,

dena 3 logela + 2 komun,

dena marmolezko kiroldegi,

dena altzairuzko auditorium

O, Alize,

bazoaz klase ertainezko herrialdean,

dena garbi

goitik behera,

dena neurtu

eskuin-ezker

 

Bazoaz, promenatuz,

ezaxola,

edo larri,

aldika

 

Batzuetan, suge bat esnatzen baitzaizu hesteetan:

suge bigun bat,

likatsua,

muki ustelek lubrifikatua

 

Narraska-narraska

zeharkatzen dizu piloroa,

gizendu egiten zaizu urdailean

goragalea eragiteraino,

goragale eutsiezina,

gurutzatu berri duzun gaztea,

edo andrea,

edo gizona,

edo atsoa,

—barka, Alize, egia da, zuk amoņa esaten diozu—

edo ume xaloa,

uholdeka isuriko duzun gonbitotan itotzeko grina,

mendeku hartzekoa…

 

Mendekua:

nahi baino maitasun gutxiago eman zizun amagatik,

epaile begiz hartzen zintuen aitagatik,

eskolako 2. mailan zigortu zintuen irakasleagatik,

4.ean urtebetetzera gonbidatu ez zintuen lagunagatik,

8.ean begiratu ez zizun mutilagatik,

16rekin gorputzari errua erantsi zion beste harengatik,

letra larriz idatzitako Maitasuna

hidrogenozko bonbaz zartarazi dizun senarragatik,

letra larriz idatzitako Maitasuna,

berriro,

hidrogenozko bonbaz zartarazi dizun maitalearengatik,

alaba eta semeek emandako labankadengatik,

lagunen irribarre merkeengatik…

 

Baina, hara,

okaldiak elikatu egiten du sugea,

hestegorrian gora

erraldoitu egiten da,

epel, ustel, ubel…

 

Hiru buru hazten zaizkio

(huts, bakar eta zentzugabe)

egiten da herensuge…

hirurek batean, zintzurra estutzen dizute,

ezaxola,

arnasa kendu arte

 

O, Alize,

bazoaz promenatuz

herrialde miresgarrian,

eta zeure antz handiko andre bat egokitu zaizu alboan:

adin bera, gorpuzkera bera, begi kolore bera,

burmuin eta bihotz kantitate bera…

Eta ahapeka esan du

ez dakiela nola moldatuko den

seme zaharrenari plaiera berriak erosteko,

ez dakiela iritsiko zaion gasa eta argia ordaintzeko…

 

Eta, orduan, Alize,

eskerrak eman dizkiezu

dituzula ez dakizun jainkoei,

patuari, merezimenduei...

dilisten ordez,

huts, bakardade eta zentzuagatik

larritzeko zoriona eman dizutelako,

herensuge epel, ustel eta ubel

baten habia izateko pribilegioa,

neurosietan itota laketzekoa,

konplexu eta interesgarri bilakatzekoa,

film, kantu, nobela, poema zein margolan

eder eta sofistikatuenen

protagonista eta egile ez ezik,

arima egarritu izatekoa