Bildumaren zerrendara itzuliIdazle beraren beste lanak


TABAKALERAKO
ERREZITALA

(2006-04-04)
  1. Eraikuntza greban
  2. Teilatuko lizarra
  3. Eta egunero dugu bezpera
  4. Nire euskaltasuna
  5. Baldintza subjektiboak
  6. Ixo!
  7. Zoragarria ez al da?
  8. Lagun galduaren geografia
  9. Real politik
  10. Masusta gorri garratza
  11. Erabakia
  12. Lagun zaharra
  13. Bolueta-Sestao 06.13

    LIBURUA

LIBURUARI BURUZKO
KRITIKAK


 

IKASTEA ETA IKASTEA

 

 

nik irakatsiko dizut

atzekoz aurrera irakurtzen

hamar arte zenbatzen

mihia ahosabaian ziztu egiten

nik irakatsiko dizut

harri begidunak jaurtitzen

habiak ezkutatzen

zinezko gezurrak esaten

 

baina egun zoaz eskolara

 

nik irakatsiko dizut

esna zaudela hegaldatzen

putzu txipian itotzen

sagarrak eta sagarrak bereizten

nik irakatsiko dizut

azterketetan kopiatzen

tinta izerditzen

nire sinadura itxuratzen

 

baina egun zoaz eskolara

 

nik irakatsiko dizut

txoritan ibiltzen

jotzen duten doinuan ez dantzatzen

hankak baino burua arinago izaten

nik irakatsiko dizut

Eiffel dorrea askatzen

lotsatu gabe galdetzen

ikasitakoa ahanzten

 

baina egun zoaz eskolara

 

nik irakatsiko dizut

berba zatarrak esaten

hormetan idazten

hanka plateran sartzen

nik irakatsiko dizut

iltzeak oker sartzen

eta zeure atzamarra mailuka lehertzen

nik irakatsiko dizut

ez dakidan gitarra jotzen

ni bezalakoa ez izaten

nik irakatsiko dizut

dena kolokan jartzen

 

baina egun zoaz eskolara

 

bihar bihar piper egiten

irakatsiko dizut bihar

Greziako uharte txipi batera

joanen gara bizikletan

eta zuk Arkimederen teorema

irakatsiko didazu zuk

ni arduragabekeria hutsean

hondoratzen naizela ni

 

 

    1991

 

 

 

© Koldo Izagirre

 


www.susa-literatura.eus