IXO!
ba euria ari zuela
eta galduak ginela galduak ginela mendian
hotz!
beldurgarria zen gaua
beltz!
eta horra orain ipuin barregarria:
erantzi nuen larruazala
kremaileran irekiz lepotik behera
tximist!
eta harekin egin nizun oihal-txabola bat
ez zintezen busti
atera nuen bihotza eta gora nuen jaurti
bengala berde bat zen ahapetik oihuka:
ixo! ixo! ixo!
alaba daukat lo!
atzamarrak eten
eta txotxetan txikitu nituen
otx!
su handi bat pizteko neure ahoan
orduan heldu zen otsoa
isil!
eta mendiko ardiak jan zituen
ezkilak eta guzti
ixo! ixo! ixo!
alaba daukat lo!
1988
© Koldo Izagirre