Bildumaren zerrendara itzuliIdazle beraren beste lanak


TABAKALERAKO
ERREZITALA

(2006-04-04)
  1. Eraikuntza greban
  2. Teilatuko lizarra
  3. Eta egunero dugu bezpera
  4. Nire euskaltasuna
  5. Baldintza subjektiboak
  6. Ixo!
  7. Zoragarria ez al da?
  8. Lagun galduaren geografia
  9. Real politik
  10. Masusta gorri garratza
  11. Erabakia
  12. Lagun zaharra
  13. Bolueta-Sestao 06.13

    LIBURUA

LIBURUARI BURUZKO
KRITIKAK


 

LAGUN GALDUAREN GEOGRAFIA

 

 

Andoni eraman zutenez gero

ez dut ikusi nahi Zarautz

hondartza basamortu ez ote

euri gozoena errauts

 

Andoni eraman zutenez gero

ez dut maite Atharratze

bortua kopla xirula dena

dena egiten zait atze

 

Andoni eraman zutenez gero

zertan bisita Gatika

kafe gazitan urtua dago

euskararen gramatika

 

Andoni eraman zutenez gero

mingarri zait Miarritze

buruan mailuka zazpi mailu

oinetan zazpina iltze

 

Andoni eraman zutenez gero

ez dut bidean Dulantzi

lagunik gabe naizelako zait

oinez egiten ahantzi

 

Andoni eraman zutenez gero

ez dakit non den Bidarrai

laguna galdu duen harentzat

bideak alferrik darrai

 

Andoni eraman zutenez gero

mapan puntu bat Zangotza

beti daukat aitzakiaren bat

beroa ez bada hotza

 

Andoni eraman zutenez gero

nork benedika Garazi

munduko plaza guztiak ditu

zulo batek iragazi

 

Andoni eraman zutenez gero

gorroto dut Donostia

nekez higatuko dut nik hango

espaloietan oskia

 

Andoni eraman zutenez gero

hor dago nonbait Iruña

sutara bota nuen haserre

printze onaren ipuina

 

Andoni eraman zutenez gero

ederrez da zatar Bilbao

hango mahastiek ez dakarte nik

behar dudan beste ardao

 

Andoni eraman zutenez gero

ez dut nik behar Baiona

hosto bat kendu zaion hitzari

dena da kendu zaiona

 

Andoni eraman zutenez gero

ez aipa ez aipa Gasteiz

ukatuok hautatuengandik

beti bizi gara bereiz

 

Andoni eraman zutenez gero

ez dut berriro jo Maule

Andoni eraman zutenez gero

biok bahituta gaude

 

 

    2003

    Musika: Joseba Tapia

 

 

 

© Koldo Izagirre

 


www.susa-literatura.eus