Bildumaren zerrendara itzuliIdazle beraren beste lanak


TABAKALERAKO
ERREZITALA

(2006-04-04)
  1. Eraikuntza greban
  2. Teilatuko lizarra
  3. Eta egunero dugu bezpera
  4. Nire euskaltasuna
  5. Baldintza subjektiboak
  6. Ixo!
  7. Zoragarria ez al da?
  8. Lagun galduaren geografia
  9. Real politik
  10. Masusta gorri garratza
  11. Erabakia
  12. Lagun zaharra
  13. Bolueta-Sestao 06.13

    LIBURUA

LIBURUARI BURUZKO
KRITIKAK


 

WILLIAM DRURYREN BALADA

 

 

balada bat kantatzen behar dut nik hasi

Tidworth-eko kartzelan zer nuen ikusi

enkargatu zidana orai ez da bizi

aztia zelakoan zuten errarazi

 

Inglaterra handia itsasoaz harat

leku makurragorik munduan ez da bat

musikariak ditu hartzen matxinotzat

nor ibili da jotzen eskusoinua bart?

 

William Drury daukat nik ponteko grazia

mundura sortu eta Irlandan hazia

eskusoinua jotzen umetan hasia

makina bat herreni dantza arazia

 

Lord Hamilton jauna da buruz iletxuri

epaia emateko ez dago urduri

hauspoa kendu eta giltzapera Drury

soinularia zuten soinu gabe utzi

 

non jo ez neukan eta hotzak atzamarrak

lasto gainean lagun nituen kaparrak

ez du giro izaiten hantxe irlandarrak

dorrean jo zituen ezkilak hamarrak

 

hamarrak jo orduko soinuak zuen jo

Druryk bezperan baino askoz ederrago

gaua pasa genuen kantu eta txalo

ingles haiek ordea nagi dantzarako

 

Tidworth-en denek zuten erraiten ai ene

Lord Hamiltonek eta Lady zaharrak ere

soinua omen zela soinuen errule

ene hauspo ttipia plazan zuten erre

 

musikarik gabeko gaua da tristea

zailago dute orai begiak ixtea

sorginduak daudela dator albistea

han ere bazeukaten horren sinistea

 

hauspoa suntsituak bere pena zor du

uste dut betirako zaretela gortu

moztasun triste honen erantzuna nork du?

nik ez dut ezer sortzen soinuak nau sortu

 

bakea nahi zenuten soinu hori errez

Tidworth-en egiten da justizia errez

maluren eztigarri musika da berez

lo eginen duzue baina ametsik ez

 

Lord Hamiltonek zeukan bihotzari esker

soinularia sutan dantzatu zen laster

aztia zelakoa ez zegoen oker

Druryk apo txipi bat egin zuen poker

 

Tidworth-eko herria zer herri isila

mutua dago beti dorreko ezkila

soinuak bereizten du bizia ta hila

inglesak ikaratzen Drury zen mutila

 

 

    1998

    Musika: Joseba Tapia

 

 

 

© Koldo Izagirre

 


www.susa-literatura.eus