Bildumaren zerrendara itzuliIdazle beraren beste lanak


TABAKALERAKO
ERREZITALA

(2006-04-04)
  1. Eraikuntza greban
  2. Teilatuko lizarra
  3. Eta egunero dugu bezpera
  4. Nire euskaltasuna
  5. Baldintza subjektiboak
  6. Ixo!
  7. Zoragarria ez al da?
  8. Lagun galduaren geografia
  9. Real politik
  10. Masusta gorri garratza
  11. Erabakia
  12. Lagun zaharra
  13. Bolueta-Sestao 06.13

    LIBURUA

LIBURUARI BURUZKO
KRITIKAK


 

KONTZIENTZIAREN HARTZEA

 

 

Eastbourne ez dago Irlandan

eta faro ingeles bat izan litekeen bezain burgesa da

Eastbourneko faroa

ez du haren beharrik izanen gure ontziak

baina hala ere kantu bat merezi du

Eastbourneko faroak

haren oinarrian jotzen dutenak

errautsezko olatuak dira

 

Eastbourne ez dago Galesen

eta Engels ingeles bat izan litekeen bezain burgesa zen

Friedrich Engels

faro batek adina baizik ez zuen ikasi itsasoaz

baina hala ere kantu bat merezi du

Friedrich Engelsek

Eastbourneko faroan jotzen dutenak

haren errautsak dira

 

Eatsbourne ez dago Eskozian

eta itsaso ingeles bat izan litekeen bezain burgesa da

Eastbourneko itsasoa

mendebalak ez daki harrotzen bare da beti hemen

baina hala ere kantu bat merezi du

Eastbourneko itsasoak

hemen jotzen duten errautsak

Engelsen manifestua dira

 

Eastbourne ez dago Bretainian

eta olatu ingelesak izan litezkeen bezain burgesak dira

Eastbourneko olatuak

menturaz ez dute faroa inoiz suntsituko

baina hala ere kantu bat merezi dute

Eastbourneko olatuek

etengabean jotzen dute

Engelsen errautsak balira bezala

 

Eastbourne ez dago Euskal Herrian

eta errauts ingelesak izan litezkeen bezain burgesak dira

Eastbourneko errautsak

ez dira inoiz berriro sutuko faro egitearren

baina hala ere kantu bat merezi dute

Eastbourneko errautsek

olatutan antolatu dira

itsaso bat direla balekite bezala

 

 

    1997

 

 

 

© Koldo Izagirre

 


www.susa-literatura.eus