Bildumaren zerrendara itzuliIdazle beraren beste lanak


TABAKALERAKO
ERREZITALA

(2006-04-04)
  1. Eraikuntza greban
  2. Teilatuko lizarra
  3. Eta egunero dugu bezpera
  4. Nire euskaltasuna
  5. Baldintza subjektiboak
  6. Ixo!
  7. Zoragarria ez al da?
  8. Lagun galduaren geografia
  9. Real politik
  10. Masusta gorri garratza
  11. Erabakia
  12. Lagun zaharra
  13. Bolueta-Sestao 06.13

    LIBURUA

LIBURUARI BURUZKO
KRITIKAK


 

AGIRRETARREN BANDERA

 

 

agirretarren bandera

hartu zuten hankapera

gure ametsak bota zituzten

errekan behera

ikusirikan galera

askok egin zuten atzera

ezin omen da poza ekarri

minduen aldera

 

herdoildu zen igitaia

paretan zegoen laia

nonahi eta beti lanturu bera

hilen kanpaia

agirretarrak du gaia

iratzar dadin garaia

harro sutzen da guk bihotzean

daukagun ardaia

 

agirretarrak zer garen

esango dut hirugarren

zutik irauten saiatzen gara

erori arren

ez bagabiltza azkarren

ez da gaudelako herren

munduko zoro guztiak gara

lagunak elkarren

 

agirretarren bandera

fusilatuen kantera

gure asmoak oraindik dauka

zaila tankera

goitik doa hegabera

basa-izarren artera

derrotatuak ez du bildu nahi

inoren mendera

 

        *    *    *

 

Araotzeko agote

urre-goseko arlote

bizio zikin guztien fama

egin diote

ez dakienik ba ote

agirretarra zen Lope

librotasuna ukatzen zuten

erregeen traidore

 

badakit agirretarrak

eta antzeko belarrak

laster garela mundu hontatik

jorra beharrak

librotasunaren garrak

sortu ohi ditu negarrak

horiek denak dirade gure

labeko kedarrak

 

 

    1995

    Musika: Bixente Martinez

 

 

 

© Koldo Izagirre

 


www.susa-literatura.eus