Parisen bizi naiz
Parisen bizi naiz
2013, poesia
144 orrialde
978-84-92468-48-5
azala: Kepa Gonzalez
Koldo Izagirre
1953, Altza-Antxo
 
2016, narrazioak
2015, nobela
2011, nobela
2010, saiakera
2009, nobela
2006, poesia
2006, kantuak
2005, narrazioak
1998, nobela
1998, kronika
1997, poesia
1996, erreportaia
1995, kronika
1989, poesia
1987, ipuinak
 

 

BERLINEN BIZI NAIZ

 

esana dut, berlinen bizi naiz

hau ez delako hiri bat hau berlin da

leku mitikoa babel antolatua

kaiserrari dekretuak sinarazitakoa

elkarrekin bizitzeko sortua

gure ama dela uste du isilduko balitz

mundua gortu eginen litzatekeela esanen luke

bortxatua errea bonbardatua

eta batekoz bestera ere bai

baina oroz gain berez gain berreraikia

nola ez naiz berlinen biziko

atertu gabe hondatzea atertu gabe eraikitzea

eraikitzea bera hondatzea bihurtzeraino

eta batekoz bestera ere bai

horixe omen da hiriaren izatea

horregatik ez naiz aspertzen berlinen

elurrik ari ez duenean ere

begion aitzinean iragaten dira kaioak

parapenteak polizia mota guztietako helikopteroak

jomuga terapeutikoak bereizten

harresiaz lekora bizi garenon baratze susmagarriak

ibiltzen ditugun bidezidorrak

ibiltzen gaituzten nondik norakoak

lehorretik sobera urruntzen diren txalupak

harresiaz barne dauzkagun aliatuak

aldirietara hartu gabe bertan geratu diren bihoztunok

ahal duten beste saboteatzen

fikziozko sukaldaritza jaialdi autoktonoak

bakarreko aulkiak bunkerretako hoditeria

araututako ikaskuntzak

sekulako ikusmira daukat leihoan

harresia aspaldi birrindu zuten arren

inoiz baino gotorrago ageri baita gure begi bistan

 

hiri bat antzo hitzak hesian

maitagarri berlin?

krabelin!

berlinen bizi naiz

guztiz damubehar sinetsian

 

berlinen bizi naizelako

promenatzen naiz paperetan irakurri ditudan

straßeetan alexanderplatzen heinrich böll

eta judu herratua bezain susmagarri

harresiaren alde bietan ibiltzen naiz

artesirik meharrenak baliatzen ditudala

hiriaren galanta miretsiz bertakoei esaten diedala

badakizue non zaudeten?

badakizue muino horiek ez direla artifizialak?

badakizue portaleta hori ez dela brandenburger tor?

badakizue parisek ez daukala honen parekorik?

baietz egiten didate kopetarekin

turkieraz egin banie bezain ilun

karrika artean galtzen naiz neu ere etorkin

historian ageri ez diren harresi berriak

deskubritzen ditut egunero

ibiltzeko ildoak pentsatzeko moldeak

hiritasunaren aurkako proiektu beldurgarriak

aterrune bila azaldu naizen liburutegian

nor den ez dakidan baten galderak erakutsi didana

ikusi al duzu egin duten azkena?

eta egun osoan atertuko ez duelakoan

elurpean abiatzen naiz hainbat zirritutan barrutua

traba arkitektonikoen gaindegietarik

begipean nahi ninduketen sorosleen ihesi

lehen bigarren hirugarren harresitik haratago

izendatzaileek ez dakizkiten bidezidorretan

planorik doituenen biktima izanen den lurra masaiatuz

berlin maite ez duen berlin horretara

nire kodean hitz egiten dutenen tabernetara

berlin madarikatzeko

hiribarnerako mina ezkutatzearren

 

beti hiriaren ihesian

aski ez berlin?

hor ezin!

berlinen bizi naiz

arrunteko auzo berezian

 

zoragarria da hiri hau

erraustegiko kea dator mulkotan leihora

nik burdineria dendetan bezala

atxikitzen du kopeta beiran

jazarra nondik helduko den atzeman ez dezagun

txirrina jotzen didate etxepekoek

agiriren bat idatziko dugun kearen aurka

kalte handiak egin zizkiguten urbanistek orain hurrengoan

hiriko postal zaharrak oparitzen dizkit goikoak

harresiaren behealde osoa mezu likinez

utzi du garbi bere seme gazteak

koloretako lapitzak ekarri dizkioten ume

hemen ez daukat haserretzeko arazorik

baina non da tokio non da kopenhage non da

montevideo hemen non beirut non luanda

zer kosmopolitika da hau

umeon marrazki margodunetan bakarrik

izaten ahal da zuen hiria ezer

nola jakinen dute sonanbulu arropazaleok

antxoa eta sutauts barrikak behar dituela karrikak

zinezko karrika traumen fabrika dela

eta zuenenak fusilatuen harresian dira hasten

bere burua bota zuten nerabeen harresian

eszentrikook bizi garen mendialdera datoz

kafetegietan jesartzeko gogorik gabe

eratu dizkiguzuen naturgune zibilizatuei muker eginik doaz

basora bokalera itxitako galdategietara

tomate hidroponikoak ekoizten dituen zabortegira

ardo merkeago eta kermeza mergatzagoen eske

aldiriak bihurtzeko gauaren buru

 

ez naiz aspertuko eresian

ez maite berlin?

zer egin!

berlinen bizi naiz

begia urratzen artesian

 

eta berlinen bizi ez naizelako

eramaten nau ez dakit haserreak beste zer edo zerk

matrioskaren muineraino

postalak erakusten dizkiet bertakoei

hau zen bulebarra hau zen merkatua

merkatua, hitza trukatzen genuen lekua

hau zen zure barrutiko iturria

bonbardatu bortxatu erre egin zaituzte

burgesek alde egin zuten zu abandonatuta

azken mugako udajauregi batean bildu ziren

idatzi zuten aldarri historiko bat

zure gorputza berreraikiko zutela zin eginez

kiskaliak zeneuzkan atalak gose sosetan erosita

harresia desmuntatu zizuten gero orriz orri

negozio polita hura ere ensantxe honen azpian

zure gorpua dago bortxatua errea bonbardatua

ez ikusiarena egiten didate mutu

beren hiritasunaz ezaxolatuta

argazkiak berlin zaharrarenak balira bezala

kaiserra ageri ez balitz bezala nautikoko pasarelan

galdu egin dute hitzaren tratua egiteko ahala

barkatzeko esan gabe egiten dute alde

ez dute jakin nahi beren hezur zatiak direla

saltzen dituzten subenirrak

elurra hasi du eskiak jantzi behar dituzte

berehala beteko da hondartza lerratzaile sutsuz

argikoroa lauso bat hartu dute tamariz ilunek

eta udal gobernuak edonon landarazi dituen palmondoek

moteldu egin dute abiada altzari urbanoek

zaratarik ez biztanleen telefono solasak ozen

berlinen ikasten dauzkaten seme-alabei

hemen elurra ari duela esaten

egin behar genituzkeenak oro atzenduta

ni ere halaxe, aitor dut

inon ez bezala elurtzen baitu hemen

eta elurrik ez denean berriz

deskutsatu gabeko herritarra hiriak duela dolore

gelditzen naiz etxean

katharina blumen gorpu bonbardatua

azaldu zen ibaiertzaren galde eginez

berlinen beldurrik gabe ibiliko naizen hartaz pentsatzen

 

hiria eraiki poesian

nola jaso berlin?

haize min!

berlinen bizi naiz

izan eta ezineko etsian