Parisen bizi naiz
Parisen bizi naiz
2013, poesia
144 orrialde
978-84-92468-48-5
azala: Kepa Gonzalez
Koldo Izagirre
1953, Altza-Antxo
 
2016, narrazioak
2015, nobela
2011, nobela
2010, saiakera
2009, nobela
2006, poesia
2006, kantuak
2005, narrazioak
1998, nobela
1998, kronika
1997, poesia
1996, erreportaia
1995, kronika
1989, poesia
1987, ipuinak
 

 

JOSE MANUEL ENEA

 

etxe apala da baratze txipi bana atze-aurrean

hiru solairu berrogeiko hamarraldian egina hor nonbait

lehen metro biak harrizkoak ditu adreilua da gainerakoa

premia zeukan eta margotu egin dute

teilatuaren jarraipen larua dirudien modako izokinez

xingola horiak leihoen goialdeko inguruan

burdin ziriak hegalaren perimetroan usoak uxatzearren

lan txukuna egin dute errumaniar horiek

horixe esan dugu auzotarrok aldamioa kendu dutenean

ikusgarri ageri du orain etxeak zenbakia lehen ez bezala

 

haurra eskutik neramala ikusten baninduen

galdera bera egiten zidan sarritan jose manuelek

hiru urte zeuzkala erantzuten nion lau bost

beti geratu izan zitzaidan hizketan

haur hura garai egokian ekarria zela esanez

tristura luze bat izan zela beren bizitza

 

autobideaz haratagoko baserrietarik egin zioten eraso

faxistekin bat egin nahi zuen kuartelari

koltxoiak leihopeetan babesgarri paratuta

eta larrutik nozitu behar izan zuten gero

zanpaketa gogorra izan zutela auzoan

esaten zidan jose manuelek

nolako lanak nolako bizimodua nolako zahardadea

makulu birekin ibiltzen zen amona lisaren senarrak

 

baserri hondatua bota eta azken margotu honetaraino

jose manuel enea

letra beltz ikusgarritan ageri izan duen

hiru solairuko lau ataridun etxetxo luzexka

egin zuen gizon jator hark berak

eta etxearen izena ikusi izan dudan aldiro

azaldu zaizkit begi bistara jose manuel bere kontuekin

amona lisa bere talo aurpegiarekin bere diosal gozoarekin

 

guk eiñan eta iru anaienan eta eguzki alden eta loredin

bizi diren auzotarrak dauzkagu oraino

eta tolareberrin eta aitz-tokin

eta villa gallegon eta ama ikan

postariak ere ez daki zein zenbaki duten etxeok

margotu premia daukate batzuek eta laster dugu jakinen

jose manuel hil delarik

jose manuel enea mututu duten lege berdinean

dituzte mututuko haurrek

ez dezaten karrikan irakurtzen ikas

haurrek ez dezaten galderarik egin

haurrek ez dezaten jakin etxeek ere egiten digutela hitz

eguraldiaz topografiaz lanbideez izadiaz ametsez

aitzinetik pasatzen garenoi

hitzak ate direla ate horietarik irten litekeela

gizon alai bat makulu gainean

edo bere emazte amona lisa

koadrokoa ez, esne-mamikoa

umeei labean egin berritako bizkotxoa eskainka

bizitza gogorra dela

entzuten duten bitartean jan dezaten

barne bana eta bina

dauzkatelako hitz egiten diguten etxeek

 

 

POST

kontzeptu bat adierazten dutela

ateek paretek leihoek koloreek

irakurri dut oraintxe Hendaiarako TGVan

—correspondence avec euskotren

départ 21/10 à 14h28 classe 2

voiture 12 place assise 33

—leiho aldea, ibiliaren norantza

zimur utzitako magazinean

eraikinak mintzo ahal direla hitzik gabe, egia da

kontzeptu bi edo hiru edo munstrokeria bat

adierazten ahal digute egunez eta gau argiz

alabaina jabetzaren titulua baino areago da sinadura

—jose manuel enea

etxea den bezalakoa eginarazi

edo albait txukunen

teilatua ematea lortu zuenaren garaitza

gailurreko lizarrak edo dena delakoak

poetaren ereinotz koroak beste balio du

larrutik nozitu behar izan genuen

gogor zanpatu gintuzten esaten badizu

nolako lanak nolako bizimodua nolako zahardadea

sindikatu bertikala erlijio bertikala

arkitektura bertikala

eta jose manuel enea hantxe gure ondoan

—nik eiña adierazten apal eta harro

sailkatu gabeko jakinduria baten emaitza urbanoa