Aurkibidea
Il pomeriggio è troppo azzurro e lungo per me
Gernikaren zinezko suntsimendua
Hautakritika baterako zirriborroa
Urrun hautatu batetik datorren jendea
Norteko haritzaren gerizpeko gogoeta
Lehen maila obra zibileko lanbide heziketan edo zientzia politikoetako masterra
Barne errimak poeten sindikatuan
Iragan zurbilaren balada barregarria
Aurkibidea
Il pomeriggio è troppo azzurro e lungo per me
Gernikaren zinezko suntsimendua
Hautakritika baterako zirriborroa
Urrun hautatu batetik datorren jendea
Norteko haritzaren gerizpeko gogoeta
Lehen maila obra zibileko lanbide heziketan edo zientzia politikoetako masterra
Barne errimak poeten sindikatuan
Iragan zurbilaren balada barregarria
Atzean eta atzenduak gelditu dira, zorionez, harriak eta burdinak euskaraz mintzo omen zireneko garaiak. Behialako gure eskultoreen deklarazio beldurgarri haiek bere onera ekarri ditu, besteak beste, literaturarik narrasenak: neure egiten dut oraindik orain Itxaro Bordak bota algara tristea gasna marka baten publizitatea gogoan, «les fromages qui parlent basque»... Badakit Chillidak maite duela euskara eta, beste artista txepel batzuek ez bezala, euskara ikasiz frogatu duela maitasun hori, ez gasna janez edo harriak aho eta burdinak oihu bihurtu nahian. Badakit Chillidak badakiela zer esan nahi duten gure herriko toponimoek, baita Hernanikoek ere; badakit Chillidak badakiela azken erakusketari eman nahi izan dion bakearen irudia ezin egokiago osatzen duela bere lanak paratu dituen baserriaren izenak, «Zabalaga». Ondikotz, sobera izen ederra bide zen hori, zabalegia esanen nuke, gure eskultorearen obrategia izendatzeko. Museoari Chillida-leku izen arrunt arrunta ezarri diote, edo ezarri behar izan diote, publizitatearen premiak gain hartu izan balio bezala artistaren zinezkotasunari.
Izan liteke ordea bakearen irudi poliziez, manifestazioz, granada-jaurtitzailez eta gerla-helikopteroz inguratuta eginiko mustea? Pentsa dezagun apur bat erantzun baino lehen, pentsa dezagun Chillidak gomitaturiko pertsonaia nagusien bakea ez ote den finkatzen, izan ere, bortxakeriaz elikaturiko zapalketan. Ni sinetsia nago Espainiako erregea, adibidez, gai dela Nirvana estetikoraino iristeko espainiarrek osoro suntsitu gabeko maia herriaren monumentuak ikusiz; ez nau harritzen Chillidaren greenaren gaineko harri eta burdinen artean liluratu izana inguruko bortxakeria zantzuez abstrakzio eginik, ohitua egon behar baitu isiltasunari edo, hobe esan, ez entzuteari bakea esaten. Bera eta bere gisakoak, bakeaz eta bakearen irudiaz ari direnean, benetan ari dira nik uste, bake irudi bat delako beren bakea. Ez da halakoa nik nahi nukeena, eta ez dut laket, beraz, jaun horiek darabilten irudia. Arte lanak eta inauguraketak hartu nahi baldin baditugu bakearen sinbolo, adibide bikaina ukan genuen Hernanitik ez oso urrun, duela hilabete, Jose Luis Zumeta margolariaren erakusketa zabaltzea zela-eta, Donostiako merkatu batean.
Merkatu batean, bai, azokan, ferian, erregearen sukaldariari bezala edozein herritarri oraino arteturismora makurtu gabeko baserrietako baratzeko porruak, ilarrak, azak —eta baratzerik gabeko tomateak ere!— saltzen dizkiguten leku xume eta xaharrean, gomiten premiarik gabe, ateak zabal zeudela denontzat zabalik bildu ginen estu eta izerditan artezale batzuk eta bakezale aunitz. Han ez zegoen Ibarretxerik, han ez zegoen Aznarrik, han ez zegoen Schroederrik, han ez zegoen ezein erregeren aztarrenik, ezta sagarretan ere, han denok ginen, nolabait esatearren, errezilko... Hiriko kultur zinegotziak, Ramon Etxezarretak, aurkeztu zuen ekitaldia, eta azpeitiarra dela uste duten zenbait errezildar auzokaltek ere txit ongi hartu zituzten haren hitzak, gozo aritu baitzen artearen funtzio publikoaz. Odon Elortza alkatearen hitzalditxoa entzun genuen ondoren, eta pozik gelditu ginen errezildar etxekalteok, barkatu genion publizitate apur bat egin izana azoka berriaren aitzakian, harriek, burdinek eta are gasnek baino zatiaz txukunago egin zigulako euskaraz gure erosketa ohiturez eta elikatzeko kulturaz. Gero Hilario Urbieta jauna mintzatu zitzaigun, azoka hartako dendari baten seme psikiatra, hernaniarra hain zuzen, eta umore finez aitortu zigun azokan ikasi zuela berak gehien bizitzaz, bertan egiten delako tratua, hau da, pertsonen arteko adostasuna bilatzen den lekua delako Zumetak erakustokitzat hautatu zuen eremua... Horretaz gelditu ginen guztiok hausnarrean aurkezpena dotorezian amaitzeko Mikel Laboa entzuten genuelarik kantu hunkigarri batean...
Oso estilo desberdineko ekitaldiak, ikusten duzuenez. Nik ez dakit inor baden munduan, Nafarroa barne, Zumetaren pintura gustuko ez duenik, baina erratzeko beldur handirik gabe esaten ahal dut errezildar ez gutxik eta euskal herritar askok nahi dugun bakeak antz handiagoa duela azoka bateko builarekin —Zumetaren pinturak ez balitu ere—, golf zelai bateko isiltasunarekin baino, Chillidaren eskulturak edukiagatik.
(Bakearen irudi. Egunkaria, 2000-09-20)