Parisen bizi naiz
Parisen bizi naiz
2013, poesia
144 orrialde
978-84-92468-48-5
azala: Kepa Gonzalez
Koldo Izagirre
1953, Altza-Antxo
 
2016, narrazioak
2015, nobela
2011, nobela
2010, saiakera
2009, nobela
2006, poesia
2006, kantuak
2005, narrazioak
1998, nobela
1998, kronika
1997, poesia
1996, erreportaia
1995, kronika
1989, poesia
1987, ipuinak
 

 

ARTOLA BULEBARREAN

 

nik hi ikusten haut ordea esan dit

noiztik elkar ikusi gabe esan diodanean

dotore azaltzen naizela egunkarietan

zer daukadan orain esku artean

ez haiz batere aldatu hi bai

hemen bizi den galdetu diot azkenik

hitzaldi batera datorrela

aitortu dit artolak irribarrez

 

klaseen artekoan eta ondokoan

neska batzuekin biltzen ginen

tren txikiko geltokian

ogitartekoak jan bitartean

atertu gabe hitz eginez

bera zen lotsatiena

ez zen ongi moldatzen erdaraz

baina mago bat zen

eskuak sakeletarik ateratzen zituen bakanetan

triku txiki bat adibidez

artolak triku txiki bat dauka eskuan!

egin du oihu maitanek alai

eta artolarengana batuta

gaztainoskol zabaldu bat ikusi dugu

eta mutiloi begietara artolak

zuek ba al dakizue zer den morkotsa

morkotsa zer den ba al dakizue?

edo kakalardoa adibidez

neskak izutuarena egiten

kolkotik behera sartuko dien

eta artola geldirik

neskak berriz hurbildu arte

orduan putz egin dio

kakalardoa hankaz gora geratu da

urdin zoragarria dauka iztertxokoetan

azalaren beltz distiratsuaren gainean

hori zu zara, biluzik

artolak maritereri

askeroso! esan du neskak

gezurra zen, zoragarria zen

maritere biluzik artolaren eskuan

 

orduan ez zuen biluzik esan

larrugorritan esan zuen artolak

baina orain

biluzik esanen lukeela uste dut

pentsatu behar izan gabe solasten da

zekienetik ikasitakora

poz handia hartu dut

karrika eraikitzen ari baserritarra

arkitektura ikasi zuen

kontratista izateko jaioak

baina literatura du maite

ez omen da inkonpatiblea

beha ezak hau esan dit

behi gorotzik ez espaloietan

zakurrek zaunkarik ez

zuhaitzak garaiz kimatuak

azelgak begonien ondoan

zer uste dute hauek!

guk badakigu goialde horietan

hogeigarren solairuaren gaineko hartan ere

belarra hazi dela teilen artean

 

eskua tinkatu diogu elkarri

afariren bat antolatu behar dugula

edo antzekorik aipatzeke

despeditu gara hurrena arte

hurren bat egon behar duelakoan