Parisen bizi naiz
Parisen bizi naiz
2013, poesia
144 orrialde
978-84-92468-48-5
azala: Kepa Gonzalez
Koldo Izagirre
1953, Altza-Antxo
 
2016, narrazioak
2015, nobela
2011, nobela
2010, saiakera
2009, nobela
2006, poesia
2006, kantuak
2005, narrazioak
1998, nobela
1998, kronika
1997, poesia
1996, erreportaia
1995, kronika
1989, poesia
1987, ipuinak
 

 

IRAGAN ZURBILAREN
BALADA BARREGARRIA

 

zer ote dauka?

zergatik ez datorkio berorik masailetara?

lotsa ote da gorritasunak erakusten?

zergatik ote da hain zainik gabea?

berak ere ez daki

odolik gabekoa da gure iragan zurbila

 

bisitatu ditu sendagile naturistak

eta turista handi hauek

alpeetara bidali dute ur bila

 

bisitatu ditu ezkerreko organoaren adituak

eta odolmindu handi hauek

sortu diote sekulako zurrunbila

 

bisitatu ditu akupunturatzaileak

eta akuilatzaile handi hauek

sartu diote arrain gezur pila

 

bisitatu ditu psikoanalistak

eta zurrupakari handi hauek

galdetu diote bere iragan zurruna

 

orduan iragan zurbila

zuhurtzia galdurik zurrusta batean hasi da

elerik maiuskulenak jaulkitzen

labezomorro labirinto laido laino larru laztan

leize leun lerden

psikoanalista zurrutalarienek ere

ulertu ezin dioten zurrumurruan

harik eta iragan zurbila pazienteak

liburu!

esan behar zuelarik psikoanalisten ugazaba

libido! hotsean lehertu den arte

bere diagnostikoa emanez

 

kalera jaitsi dira iragan zurbila

eta psikoanalisten gabinete osoa

pazientearen zurbiltasuna

zurrutaldi on batek sendatuko duelakoan

baina ez dituzte dosiak kontrolatu

atzendu dira iragan zurbilaz

atzendu dira iragan zurrunaz

eta beren orainaldi lurrunaz

hasi dira gogoaren putzulari

zintz eta zotin, zintzarri zurrunbada belarri betekoan

gobernu goibel gomendio gomuta gonatxo gordin

harik eta psikoanalistaren batek gorri! esan ez dezan

iragan zurbila pazientea

gozamen! hotsean lehertu den arte

inork topa egin ez dion kopa jasoz

 

gozamen!

errepikatu du iragan zurbilak zurtuz

gozamen!

orpo-behatzez markatu du zurrumadantza

nolako plaza oraintxe gaztelu plaza

jauzi eta balantza aldatu zaio karantza

aldatu zaio karantza baina psikoanalistek ez ikusi antza

iragan zurbilaren ikara

produce of scotland hodei batek dauzka eznorantza

 

iruñean, lupeko parking baten sabai gainean datza

iragan zurbila burua eskuetan gorderik

ez da hila

bere odolaren lotsa da hotza nahi du masailetara

zer egin dut! dantza! dantza egin dut!

ez du gorritasunik nahi

izua iduri izan behar du zuri bezain beluri

iragan bat dauka eta ezin dio egin itzuri

orain badaki

zer zoramen zer aztoramen

gorritasun hartan

gaztetan, behin, zer gozamen, odolbero baztanen