Parisen bizi naiz
Parisen bizi naiz
2013, poesia
144 orrialde
978-84-92468-48-5
azala: Kepa Gonzalez
Koldo Izagirre
1953, Altza-Antxo
 
2016, narrazioak
2015, nobela
2011, nobela
2010, saiakera
2009, nobela
2006, poesia
2006, kantuak
2005, narrazioak
1998, nobela
1998, kronika
1997, poesia
1996, erreportaia
1995, kronika
1989, poesia
1987, ipuinak
 

 

Garazin ez ezik Gipuzkoan ere Salbatore gora da, Goierri eskualde garaian. Mendi bazterra ez liteke aldera Altsasu, Beasain, Zumarraga eta antzekoekin, baina horietan bezala egiten zuen geldialdia trenak, garai batean, Salbatoren.

      Ez zen geltokia, maila apaleneko apeaderoa baizik, oina lurrean jartzeko lekua eta, egia esan, bertan jaitsirik han nonbait galtzeko gogoa ematen zigun leku misteriotsu horietako bat genuen huraxe Irun, Donostia, Iruñea edo Gasteiz bezalako karrikartetik gentozen bidaiariok: zuhaitzek jandako hormigoizko txabola, nora zihoan igarri ezin genion bidea, euskaraz harro egiten zuen jendea...

      Baserritarrek erabiltzen zuten astegunetan, mendizaleek asteburuetan.

      Ibilgailuen ugaritzeak ekarri zuen Salbatoreren gainbehera.

      Hala ere, sei, zazpi txartel saltzen zituen billeteroak egunero. Eta urteetan trena gelditu egiten, nahiz inor hartu ez, nahiz inor utzi ez.

      Egitate poetiko bat izan zen...

      Oraindik orain eztabaida sakonetan dira bilduak Baionan lurralde antolaketaren adituak, gaia TGVa dutela, Abiadura Handiko Trena. Menturaz Paris-Toulouse zatia eginen dute lehenago, baina nolanahi ere, Hendaiatik Bordelerainoko zatia Paristik datorren eta Parisera doan handikoari egokitzen hasiko dira. Adituok arduratuak baitira ingurumenaz, egokitzea satorrean eginen da, lurpetik, eta Baionako geltokia ez da Baiona izanen, Uztaritze baino. Ingurua ez da bortxatuko beraz, edo, hobekiago esanda, inguruak ez du ikusiko, hondamena ez dugu begi bistan edukiko.

      Hegoalde honetan ere geologoak arranguratu dituen arinkeriaz esan izan digute politikoek handikoaren bide gehiena tunel barrukoa izanen dugula.

      Baina, barka geologo lagunok, ez ote da hobe Abiadura Handiko Trenaren ibilbide osoa, osoa gero, satorrean egitea?

      Ulertzen dut arrapaladan —eta are ikusi gabe— iragan nahi izatea Landak, Bordeletik Pariserainokoa, Gaztela... baina Euskal Herria?

      Euskal Herria mendiz, basoz, baratzez, baserriz, lantegi bikainez, pintaketez, txalet hozki emangarriz, kamioiez, bizikletariz, jatetxe zatarrez, ardiz, lainoz, euriz, eskultura etnoz apainduriko naximentua dugu trenetik. Bihurgune guztietan deskubrituko dugu detaile berriren bat geure eguneroko joan-etorrian.

      Trenak ñabarduren Euskal Herria erakusten digu.

 

      Alejo Carpentier kubatar nobelagile handiak euskal abiadurako trena hartu zuen behin:

      «Europan egin litekeen bidaiarik zoragarrienetako bati ekin behar diot orain...»

      Euskal Herria trenean zeharkatzea du inon deneko hori.

      «Zuhaitzez brokaturiko mendiek biltzen dituzten ibar txikiz, harkaitzezko karrajuz, atakaz, zirkuz osaturiko zinezko labirintu batean barneratzen da burdinbidea».

      Mundua ezagutzen zuenari mundu bat azaldu zitzaion.

      «Urnieta... Tolosa... Beasain... Ormaiztegi... Zumarraga... Geltoki hauen artean inoiz geratuko ez garela badakigun herritxoak ageri dira. Ezein itinerariotik landa. Eta, hala ere, beren buruaz erakusten diguten apurra ezin interesgarriagoa da. Elizok eta zubiok ez dute berdinik munduan».

      Munduak aurkitzeko, ikusmira dastatu eta hurrengo bihurguneak ekarriko digun ezustekoaz gozatuko badugu, astia behar da, ikusten ikasi behar da. Bizkaia, Gipuzkoa, Nafarroa sigi-sagaren bidea dira, ahoan lantzeko jakia: bazter berriak aldiro, zoko-moko aldatuak alboetan, gaur ingumaz loraturiko sagastia, bihar artoa eguzkitan zapartaka, etzi orbelak lurraren azala herdoiltzen, gizakiak jasotakoen gristura harroa sarritxo eta Salbatore misteriotsuak noizean behin.

      Horregatik galdetzen dut ez ote den hobe Abiadura Handiko Trena lurperatzea, hilerrikoen ilunpe berean egin ahal izan dezaten handikozaleek aitzina, argiaren eta paisaiaren marruskadurak berandutu gabe.

      Handikozaleek ez dute astirik herri xume honi behako bat emateko...

      Handikozaleek ez daukate ausardiarik gure labirintuan galdu-gordean ibiltzeko...

      Doazela bada zizturik bizienean hemendik urrun diru publikoarekin egindakoa ustiaketa pribaturako behar duten erabakitzaile horiek eta orainaren zailtasun gozoa dastatu baino moztasun luzeko zuzenean estafak irentsi nahiago duten futurista zapuztu guztiak.

      Dabiltzala arin batetik bestera ezin iritsirik, eta ez dezatela ezikusia egin behar izan, satortu daitezela benetan.

      Edo gera daitezela papaoak bezala Salbatoretik urrunera gabe egin behar omen duten gunean —ez leku, ez geltoki, ez jaitsitegi—, «logistikoa» eta «intermodala» moduko teknikeria merkeek liluratuta.

      Daudela edo dabiltzala, baina lurpean, hantxe, aroz eta oroz beheiti, erreferendumik beldurgarrienerako galderak asmatzen.

      Gu helburu ederragoek eskatzen duten pausaje dotorean gabiltzan bitartean.

 

      Trenaz ari ginen ordea...

      Laster huts egin ez baina galdu eginen dugun tren horretaz.

      Iragan asteartean egunkari honetan bertan gutun argigarrian erakutsi zigun Pierre Klanfer dohakabeak: SNCF erakundea ibilbide laburrekoak kentzen ari da luzekoen mesedetan, eta gero eta maizago TGVa hartzera behartzen gaituzte zenbait korrespondentzia lotu ahal izateko, euskal abiadurako trenak kendu dituztenez...

      Horrela, Abiadura Handiko Trenaren erabilera puztu egiten da estatistiketan, Salbatoreko billeteroak bidaiariak puzten zituen bezalaxe. Hark, ordea, ez zuen inor utzi zerbitzurik gabe, ez garestiagokorik hartzera edo gaua hotelean ematera behartu: bera zen saltzen zituen txartelen eroslea.

      Egitate poetiko bat izan zen harena... erretreta bermatze alde, bai, eta guk geure herriaren kontzientzia geo-estetikoa —eta baita politikoa ere— har genezan.

 

(Salbatoreko billeteroa. Berria, 2008-07-13)