Parisen bizi naiz
Parisen bizi naiz
2013, poesia
144 orrialde
978-84-92468-48-5
azala: Kepa Gonzalez
Koldo Izagirre
1953, Altza-Antxo
 
2016, narrazioak
2015, nobela
2011, nobela
2010, saiakera
2009, nobela
2006, poesia
2006, kantuak
2005, narrazioak
1998, nobela
1998, kronika
1997, poesia
1996, erreportaia
1995, kronika
1989, poesia
1987, ipuinak
 

 

GOLGOTA

 

horrela ibili naiz, ama

eskua bete iltze oker akastu herdoildu

ukabilean tinko bildurik

 

elizako atea jo dut banoki

ukabilarekin bitan hirutan

hauek ez dira laneko orduak

jainkoak ere komenioa dauka sinatua

bere patronalarekin

 

menturaz beilategian zure gorpuaren gainean

eduki nahi izanen zenukeen

oheburuko paretatik jaitsita astero

distira ateratzen zenion

letoizko kristo hura

kristo gurutziltzatua bai kendu dut

oraino aditzera ematen duten zure begien goibela

ikus ez dezan bere buru makurtutik

ikus ez dezan zure aurpegi hilduratua

noizbait kendu ahal izan dut

eta azken gurutzearen azken iltzea kendu dut

zure gelako pareta tormentatutik

kristo masosadiko horren zigilu higuina

eta ez didazu haserre egin ahal izan, ama

lasai abiatu naiz gero

elizara joan naiz

esku barruan daramadana bere museoan uzteko

eta alferrik jo dut itxia dago

 

zabal ezak eskua esan dit fakirrak

eta eskua ez da zabaldu

ez dituk tresna onak esan dit hala ere

inor ez liteke bizi horien gainean

 

zer edo zer egin beharra daukak

esan dit bere turbante dotoretik despedidan

eskua moztu nahiko diate

froga horiek nola bildu dituan jakiten badute

 

bertan geratu dira gurutzeari atxikiak

etxeko paretetan zeneuzkan gurutzeetako kristo guztiak

esku-hanketako iltzeak kendutakoan

zein bere gurutzean dira geratu

ez odol tantarik ez esker onik

urratu berrien eske

gero hondarkindegi selektibora eramanen dudan

zur gisu letoi brontzezko metatxo eklektikoa konposatuz

 

naramanak naramala

erauzi ahal izan ditut bederenik

etzan izan ninduzun zorrozkeria horiek

begien argia xurgatzen zizuten herdoil horiek