Parisen bizi naiz
Parisen bizi naiz
2013, poesia
144 orrialde
978-84-92468-48-5
azala: Kepa Gonzalez
Koldo Izagirre
1953, Altza-Antxo
 
2016, narrazioak
2015, nobela
2011, nobela
2010, saiakera
2009, nobela
2006, poesia
2006, kantuak
2005, narrazioak
1998, nobela
1998, kronika
1997, poesia
1996, erreportaia
1995, kronika
1989, poesia
1987, ipuinak
 

 

NORTEKO HARITZAREN GERIZPEKO GOGOETA

 

tamarizak aranondoak pikondoak

maite izan ditut beti

alegia luzatzeari utzi nionetik

(zeinen goitueza naizen esateko modua:

aita etxetxiki esaten zioten baserri batean jaioa zen

zapata koxkordunetan bizi izan zen ama

plateretara iristeko)

 

sagarrondoak hurritzak gurbitzak

maite izan ditut beti

zu apalen azpitik igarotzea gustatzen zait

hostoek ilea laztanez didatela lazten

(oraindik soildu ez naizela esateko modua)

ez ditut maite zu gaitzak

pakidermo azala daukate gehienek

eta empire state konplexu nabarmena

 

zu apalak maite izan ditut beti

(eskua goititu hutsaz

belauniko jarri behar izan gabe

iritsi nintekeela frutara oroitarazten didate)

eta orain maiteago

soildu ez naizela nautenez kontsolatzen

sekulako kezkatan bizi bainaiz:

zer gertatuko zait buru soila bihurtutakoan?

nola eginen diot hazka kokoteari?

nola kenduko dut belarrietako argizaria

hatz txikerrik gabe?

nola pentsatu behar dut

zapata puntetara behatu ezinik?

orduan, agian, buru soila naizenean

haritz ezki pago lizar urki platanondoak maiteko ditut

azpitik pasatzerakoan ilerik ez daukadala

gaztigatuko ez didaten zu harroko building horiek

 

han artean gaitzik ez duten

zu apaleko amodioetan laketzen naiz