Parisen bizi naiz
Parisen bizi naiz
2013, poesia
144 orrialde
978-84-92468-48-5
azala: Kepa Gonzalez
Koldo Izagirre
1953, Altza-Antxo
 
2016, narrazioak
2015, nobela
2011, nobela
2010, saiakera
2009, nobela
2006, poesia
2006, kantuak
2005, narrazioak
1998, nobela
1998, kronika
1997, poesia
1996, erreportaia
1995, kronika
1989, poesia
1987, ipuinak
 

 

ALDERDIKO GIZAKIA

 

sortzez ez nintzen horrelakoa

sortzez erdi eta erdi nintzen

gizajo hutsa

eskeko aldeak jakin behar zuela

nora jotzen zuen eskerrekoak

bi erdiak elkarren zaunka

hitzak arta handiz hautatuz

tratatzen ninduten mediku guztiek

eta horrek ez zidan onik egiten egia esan

 

noizbait heldutasunean ausartuta

hasi nintzen izaten bihurtu naizena

ez zen samurra izan

bai ezinbestekoa

bi erdi nintzena egina naiz erdibi

 

algortan alduden edo alkizan

aldea dago

osoa izan ala alderdikoa izan

 

dena besterekin adostu beharrak

hebaindu egiten du

hobe ni neurera eta zu zeurera

bi eta bi lau

eta inork nahi banau

bi erdi ginena orain da bat

horixe duzue nire alderdi bakarra

ez naizela erdi

baizik alderdi bakarreko batasuna

eskerik eta eskerrik gabe

 

ongi ibili besterdi

zabiltzan aldeko edo zauden aldabeko

hala hobe eta

ez daukat aspaldi zure berri

bake ederrean bizi naiz zu gabe

 

algortan alduden edo alkizan

aldea dago

osoa izan ala alderdikoa izan

 

toles handirik ezekoa bihurtu naiz

orain ez dut hurrenekoa hartzen etsai

lasai eman eta dut hartzen

ez daukat gibelik

dena naiz aurre

aurren edo bigarren alderdia

—ez naiz alferrikako sesiotan sartuko

alde batera utzi nuenez geroztik

 

neure buruarekin adosteko ere

ez dut jardun behar gorriz eta gerriz

aski dut hitz erdiz

alderdi onen bat merezi du

alderdiduna denak

 

algortan alduden edo alkizan

aldea dago

osoa izan ala alderdikoa izan

 

lasai eman eta dut hartzen

ez da gezurra benaz ari naiz

alderdiko gizakia izanda

iletik azkazaleraino

zer alderdi luke

naizen alderdiak

beste alderdi bat erantsiko balidate?

neukana botatzeko botea naiz nahikoa izerdi

dena ezin bada zatia gaitzerdi

 

ez naiz inoiz damutuko

argi gera bedi

alderdikoa izatea dut alderdi

eta inork egin nahi badu galde

ni beti azalduko naiz

eskua luze erdiaren alde

 

algortan alduden edo alkizan

aldea dago

osoa izan ala alderdikoa izan