Aurkibidea
Il pomeriggio è troppo azzurro e lungo per me
Gernikaren zinezko suntsimendua
Hautakritika baterako zirriborroa
Urrun hautatu batetik datorren jendea
Norteko haritzaren gerizpeko gogoeta
Lehen maila obra zibileko lanbide heziketan edo zientzia politikoetako masterra
Barne errimak poeten sindikatuan
Aurkibidea
Il pomeriggio è troppo azzurro e lungo per me
Gernikaren zinezko suntsimendua
Hautakritika baterako zirriborroa
Urrun hautatu batetik datorren jendea
Norteko haritzaren gerizpeko gogoeta
Lehen maila obra zibileko lanbide heziketan edo zientzia politikoetako masterra
Barne errimak poeten sindikatuan
IRAGAN ZURBILAREN
BALADA NEGARGARRIA
lurmendu ezineko lur
gailurreko elur hila
aburua aspaldi zurituta
zaurituta gorririk ez:
odolik gabekoa da
gure iragan zurbila
zainak azaoan estu
amestu ezinean zorrotz
grina gaitzek ote helduko
epelduko duten beldurrak:
bestera da bera bare
ez bero eta ez bihotz
erorka lezake izi
bizi izanaren damuak
ostera ere liteke ero
odolbero bihurtzeraino:
horixe dio oroitzen
lepotik daukan mamuak
bere buruaren lotsa
izotza bezain beluri
ilargia baleza erre
loerre honetan behar gabe:
zirrara onik ez duen
zintzotasuna dirudi
perfekziora du olde
moldez ateko masailak
haren alde putzaren hurre
zuhurreratu ez ginenok:
bikaintasuna du muga
gogoan beharren sailak
barau lizunaren hatsa
gezurpatsaren lurruna
besterik ez moral idorrak:
zidorrak dituela bide
non datorren zurbil, zurbil
gure iragan zurruna