Aurkibidea
Il pomeriggio è troppo azzurro e lungo per me
Gernikaren zinezko suntsimendua
Hautakritika baterako zirriborroa
Urrun hautatu batetik datorren jendea
Norteko haritzaren gerizpeko gogoeta
Lehen maila obra zibileko lanbide heziketan edo zientzia politikoetako masterra
Iragan zurbilaren balada barregarria
Aurkibidea
Il pomeriggio è troppo azzurro e lungo per me
Gernikaren zinezko suntsimendua
Hautakritika baterako zirriborroa
Urrun hautatu batetik datorren jendea
Norteko haritzaren gerizpeko gogoeta
Lehen maila obra zibileko lanbide heziketan edo zientzia politikoetako masterra
Iragan zurbilaren balada barregarria
BARNE ERRIMAK
POETEN SINDIKATUAN
idazkari burkide hori
egundaino pankarta ostean desfilatu dugun arren
orain bestelako jokamoldeak behar direla
esan zenigun azken batzar nagusian
gauzak legez egin behar ditugula
eta ibili, espaloitik ibiltzea komeni zaigula
eguzki berritan omen gaudelako
hori ere esan zenuen
lankide baten hitzak manipulatuz
barka ezazu baina uste dut legez ibiltzea baino
ibiltzea dugula zinezko helmuga
eta ez goroldioa biltzea giltzurruneko harrietan
ulertzen didazu noski
mugarik gabeko bide egitea baldin bada xedea
gauzak bidez egin behar genituzkeela esanen nuke
legezkoa izan bailiteke, frogatuak gaude, bidegabea
halaber dakizu bidezkoa izan naizela beti
ez naizela inoiz izan ez legezko ez bulegozko
eta bidezko militante huts gisa
bidea betean hartzearen aldekoa naiz, betean
espaloi batetik besterainokoan
ulertzen didazu noski
mezu ozar bat hedatzearren zabaltasunez
mezu zabal bat ozartasunez
banuke arrazoiren bat edo beste
mister ford gorrotatzeko
frau mercedesek
egunero harrapatzen dit katxoa gurpilpean
ferrari jauntxoak, il signorinok
gurdia bide bazterreko putzuan azeleratuz
burutik behera laidoztatu ninduen atzo bertan
eta ez nintzen bakarra izan
komeni omen zaigunetik, alegia, espaloitik nindoala
garaiok eskatzen duten moldekoa izan nahi nuke nik zinez
horregatik idazten dizut gutun hauxe
idazkari burkide hori
uste dudalako eta piperrik inporta iritzi honetara
beste inor hurbiltzen ez bada nik badakit
behineneko landareak ez direla muskildu espaloietan
baizik zapatak hondatu izan ditugun erre bideetan
eta beraz, jakizu orain arte moduan eginen dudala bidera
elkar maite izan genuen izara margotu zaharrak
haizeberrituz
prosa zapaltzaile horren trafikoa trabatzeko
zuk agian ez ikusia egiten didazula espaloitik
baina zaude lasai idazkari burkide hori
ulertuko zaitut
sindikatutik bota nazatela eskatzen baduzu
zaude lasai
ukanen duzu epaiketa justurik