Parisen bizi naiz
Parisen bizi naiz
2013, poesia
144 orrialde
978-84-92468-48-5
azala: Kepa Gonzalez
Koldo Izagirre
1953, Altza-Antxo
 
2016, narrazioak
2015, nobela
2011, nobela
2010, saiakera
2009, nobela
2006, poesia
2006, kantuak
2005, narrazioak
1998, nobela
1998, kronika
1997, poesia
1996, erreportaia
1995, kronika
1989, poesia
1987, ipuinak
 

 

HONDAKINETAKO BISITARIA

 

ireki egin dit noizbait

atea lekuko solastatu gara

ni hemen jaio nintzen

ni hemen bizi izan nintzen

ezagutu egin nahi nuke

orain hemen bizi den jendea

sukaldera pasarazi nau

jakin nahi nuke nola bizi litekeen inor

ni bizi izan nintzen bizitzan

 

noiz bizi izan nintzen hemen

galdetu dit aspaldiko kontuak

ez duzu hain zaharra ematen

horrelako solasetan abiaturik

aholkuak eman dizkiot

non ezkutatu arrisku egoeran

nola iraun zakarpean edo

esanen ez dizkizuten hitzen zain

ni bizi izan nintzen bizitzan

 

neure bizitzaren aztarnak

bilatu ditut sukaldeko zoruan

irrati modeloan guk ere bagenuen katuan

zein gelatan egiten nuen lo

ikusi nahi ote dudan

bere semearena edo alabarena

edo trasteena da orain gela txikia

hunkitu egin naiz beti bezain

larri dudala arnasa

 

bere bizitza ireki dit

ezin du esan zorioneko denik

nork ez du izan haurtzaroren bat edo beste

hasperen egin dut berak bezala

gezurra esan dizut ni ez nintzen hemen jaio

ez naiz inoiz bizi izan hemen

ikaratu egin dut

ni bizi izan nintzen etxeak

lurrarekin berdindu zituzten aspaldi

 

berandutu egin zait esan dit

erlojua erakutsiz altxaturik

kriminal bati ireki dio atea

sukaldean jesarririk jarraitu dut nik

dohakabearen izuaz ezaxolatua

zerbaiten hautsa daukat biriketan

baina ez du konprenitu

ez du entzun ere egin nahi

hautsa daukadala biriketan

 

atera du telefonoa urduri

tekla zapaltzen hasi da

besotik heldu dut

haurrik baldin baduzu

ebakua ezazu lehenbailehen

ohartzen da zoro batekin ari dela

baiezkoa egin dit isilik

misil israeldar bat dute programatua

zure haurraren bizitza suntsitzeko

 

noizetik noizera itolarri batek

behartzen nau ateak jotzen

ni hemen jaio nintzen

ni hemen bizi izan nintzen

esaten diot irekitzen didanari

zakarpetik atera ninduten hila non edo non

hautsa daramat geroztik biriketan

ebakuatu egin behar duzu lehenbailehen

suntsitu egin nahi zaituzten bizitzatik