Parisen bizi naiz
Parisen bizi naiz
2013, poesia
144 orrialde
978-84-92468-48-5
azala: Kepa Gonzalez
Koldo Izagirre
1953, Altza-Antxo
 
2016, narrazioak
2015, nobela
2011, nobela
2010, saiakera
2009, nobela
2006, poesia
2006, kantuak
2005, narrazioak
1998, nobela
1998, kronika
1997, poesia
1996, erreportaia
1995, kronika
1989, poesia
1987, ipuinak
 

 

KOPETAKO ZIMURROK

 

edonori zaizkionak zaizkit niri gertatu

gantzuturiko aginduak irentsi izan ditut

egunkari paperean bildutakoarekin batera

edonork ikusten duena dut idazten

besaulkirik gabeko katua bezain triste

zeharrean behatuz

katurik gabeko besaulkia bezain bakarti

algara egin ahal izateko

bekaina gaiztotzen dutenen artekoa naiz:

ez dauzkat inori kenduak

kopetako zimurrok

 

anaiaren lagunei entzun nien halakok

halakoren zakurra

estaltzera eraman behar zuela berea

eta nik ixidro eraman nuen neurekin

ikusi gabea zen txunditu zen

huraxe zen estaltzea

ez esateko inori agindu nion

eta ez zekiela aitortu zidan masailak gorri

berak uste zuen zakurrek

pertsonok bezala egiten zutela

pertsonok bezala esan zidan ixidrok

uralita fabrika zaharreko tapiaren ostean:

ez dauzkat atzokoak

kopetako zimurrok

 

gabardina zuriko gizonak

pistola atera zuen tabernan

denek egin zuten murgil zerrautsera

kanoiaren begiari beha geratu nintzen ni

eta geroztik gizonak

etzanda zeudenei egiten die tiro nire eldarnioetan

eskutik helduta ateratzen nau amak

zer ari zinen hor

emakume bat umea jotzen aurreko espaloian

ez gelditu agintzen dit bestek zer egiten duen begira:

ez dauzkat katuak eginak

kopetako zimurrok

 

gizarte zabar honetan beti beharko da

zeinek proposamen berriak egin

esaten zigun esanez alegia

agintzeko prestatzen gintuztela

esku geundela berritasunean

eta esker onekoak izan behar genuela

berarengana adibidez

bitartean guk geure ariketa espiritual propioan

dantzari biluziak ikusten genituen

irakasle aurrerakoiak pipatik jalgitzen zituen bihurretan:

ez dauzkat oso zuzenak

kopetako zimurrok

 

ondo al zaude izan zen galdera

masaila laztantzen zidaten

atzamar delikatuek

atera ninduten heriotzaldi ezti hartarik

elurraren gaineko eguzki epeletik

ondo al zaude izan zen galdera

orain bai erantzun nion

eta begiak zabaldu nitueneko

goian zen eguzki urrunduak itsutzen ninduela

suntsitu zitzaidan barrezka galderaren aurpegia

ustez laztan hark agindu zidanera iritsi gabe:

ez dauzkat nire mende

kopetako zimurrok

 

bestelako arautan jarraitu zuen afarian

gure isileko bilerak

azken finean estatuaren adore estoka

ez zela gurea baino handiagoa esan zuen

alkoholik hartzen ez zuen hark

eta nik ere topa egin nuen

agintzen zitzaigun

azken ordu laurdeneko erresistentziaren osasunaz

edalontzi hutsurranari beha geratu ordez:

ez dauzkat muga txarrak

kopetako zimurrok

 

alegiako inozo geratu izan naiz

atzamar luzatuari beha

astronauten entrenatzaileak balira lez

ilargirako bidea

erakusten zidatenen aitzinean

agindu luzatu hark

eskaintzen zidanaz ezaxolatua

jakilearen boterea zeukan

tentetasun motzak liluraturik:

ez dauzkat gutxi landuak

kopetako zimurrok

 

agindua antolatzen duen gezurdura

atzeman liteke atzamarrari beha

atzamarraren kanoiari beha suma litezke

uhinak ilargian joka

ilargiaren alde ilun honetan

eta inork entzun nahi ez

atzamar tentetu bat belarriak ezkotzen

eta uhinak bertan

ezinezkoaren froga ematen

nolako algarak egin izan ditudan neure buruaz

kronikako inozo:

ez dauzkat merke saltzeko

kopetako zimurrok

 

kopetako zimurrok

hala nola esku barneko marrak

aurrena lagun galduena

bigarrena galdera isilduena

gainerakoak etorriko diren egitekoena:

ez dauzkat azalean

kopetako zimurrok