Parisen bizi naiz
Parisen bizi naiz
2013, poesia
144 orrialde
978-84-92468-48-5
azala: Kepa Gonzalez
Koldo Izagirre
1953, Altza-Antxo
 
2016, narrazioak
2015, nobela
2011, nobela
2010, saiakera
2009, nobela
2006, poesia
2006, kantuak
2005, narrazioak
1998, nobela
1998, kronika
1997, poesia
1996, erreportaia
1995, kronika
1989, poesia
1987, ipuinak
 

 

Kubota tankeak ezpondetan makur.

      Komatsu blindatuak erreka zokoetan trebes.

      Liebherr inbasore erraldoiak teilatuez goiti, hezurdura hutseko zentinela tenteak.

      Dena osorik ordea, gerlaren kiskalmenik gabe, bihar estatu zibilizatuek Angolan edo Iranen edo Kuban sortua dela frogatuko diguten bakteria batek pertsonak suntsitu izan balitu bezala. Eta jendeak apalago egiten duela hitz, matxinadaren hotzikara gozoan edo iraultzaren bezperako izuan.

      —Greba da...!

      Greba bat ukan dugu Gipuzkoan, aspaldiko partez.

      Eraikuntzan ibiltzea, nolabait, erakustegian dagoen prostituta izatea da. Guztion begi bistan obratu behar du langileak, eta sortzen ari denaren zelakoa epaitzeko gauzkate sukaldeko axuleiu pitzatu hori aldatzeko gai ez garenok. Erretreta hartutakoek egunero egiten dute itzuliño bat plazan zulatzen ari diren aparkalekuraino, uholdeak areagotu eginen dituztela deritzate guztiek. Karrika nagusia berritzen diharduten langileen garraio zoroak darabiltzate etxekoandreek ahotan saltegian. Ezkerreko auzoak uste du igeltseroek kalapita handia ateratzen dutela beheko solairuko zorua harrotzen, salatu egin behar omen genituzke.

      Eta gero, noizbait, ezustean, elkartasuna zor diogun egitate gordina.

      Dena geldirik eta ekaitz handia omen dakarren isiltasun berezi hori hondeagailu orroz, garabi intziriz eta mailu neumatiko tarratadaz gortu behar genukeen bazterretan. Hustasun horretan, isiltasun horretan, nabarmenagoak egiten zaizkigu lezoi hutsak eta erdizkako eraikinak.

      Grebak museo bihurtzen du hiria.

      Grebak langile xumeen artea erakusten digu.

      Espaloi ondoko putzuari behatuta konturatzen gara egun ez daudela hor palaka aritzen diren arabiarrak, eta orduan ohartzen gara arabiarrak palaka direla aritzen, eta ez hondeagailuak gidatzen.

      Atzo ez bezala, orain ematen digu begian teilatu hartan lotu duten lizar edo ereinotz adarrak, eta geure kautan ugazaba euskaldunaren manuz ote den, edo belaunaldiz belaunaldi gordetako usadioa duten.

      Erlaitza konpontzeko zintzilikatu duten aldamioa hutsik ikusten dugu, eta Uztapideri eta Xalbadorri jarri zieten gai hura datorkigu gogora, bietarik batek hil egin behar du bestea salba dadin, zaudeten aldamioak lur joko baitu bestela...

      Grebak erakusten dizkigu langileak.

      Eta hilabete eta gehiagoan abandonaturiko obrek ikusarazi dizkiguten hamabi mila beharginon izerdiaz, kulturaz eta arriskuaz jabetuta, harro galdetzen ahal dugu zer daukan miresgarri Sixtina Kaperako sabaia goiko aldamioan etzanda pintatu izanak.

      Ez ditu oraindino urte bi artxibo zoko batean aurkitu agiriek frogatu zutela sabaipean etzanda pintatzen zuena ez zela Michelangelo izan, Berto, Bello, Boco, Bondo eta horrelako beste asko baizik, gure egungo grebalariok. Michelangelok daukan miresgarriena ez da ez bere pintura, ez bere eskultura, ez bere arkitektura: ez zituen zabor-kontratuak maite, hamabost, hogei, hogeita hamar urtez gorde zituen aldean enplegatuak; gure enpresariek zimur nola, hala ordaintzen zien hark zabal; erori egiten diren zubiak barik, luzerako artea egiten zuen hark. Horixe dauka miresgarri Michelangelok, kontzientzia zeukan enpresaria izatea. Ez, Buonarroti jauna ez dago Adegin.

      Horregatik ukan dugu greba bat Gipuzkoan, aspaldiko partez.

      Amaitua delarik, lehen bezain ozen egiten du hitz jendeak, ez gozo ez izu.

      Gaurdanik ez zaigu bururatuko Liebherr inbasore erraldoien hezurduran dagoen kabina goi eta mendre hartan langile bat dagoela preso, Kubotek eta Komatsuek lokatza zabaltzen dutela besterik ez dugu komentatuko, aldamioren bat ikusitakoan bertigoa aipatuko dugu, dirutu berrientzat eginiko atebitarteko txalet multzoaren teilatuan lizarra edo ereinotza sumatuta poztu eginen gara geure ohitura jatorrak ez direlako galtzen, kontratistek langileei monjorra ematen dieten ez dakigun arren...

      Itzuliak gara, aspaldiko parteko greba baten ostean, betiko okerrera. Polizia ez dago jadanik patronalaren egoitza zaintzen, egoera normal batean gau eta egun egon behar lukeen moduan.

      Oraingoan ez da posible izan, baina hurrengo greban lortuko dugu, ez dudarik egin. Michelangeloren oniritzia daukagu.

      Loiolako basilika ez da inoiz eraikiko.

 

(Hurrengo greban. Berria, 2004-VI-22)