Parisen bizi naiz
Parisen bizi naiz
2013, poesia
144 orrialde
978-84-92468-48-5
azala: Kepa Gonzalez
Koldo Izagirre
1953, Altza-Antxo
 
2016, narrazioak
2015, nobela
2011, nobela
2010, saiakera
2009, nobela
2006, poesia
2006, kantuak
2005, narrazioak
1998, nobela
1998, kronika
1997, poesia
1996, erreportaia
1995, kronika
1989, poesia
1987, ipuinak
 

 

Ez daukat juzku txarra pentsamendu politikoaren ardatz. Sinetsia nago beti errezelotan ibiltzea fede gaiztoa besterik ez dela, ezinetsia nago hori ez dela pentsamendua, are gutiago politikoa, baina aitortu beharra daukat zain makurrenak hartzen nauela jende mota bat zenbait arazoz arduratuta ikusirik. Klase medikua herriaren osasunaz kezkatuta agertzea, esaterako, susmagarria egiten zait.

      Jaizkibel aldean arazoa.

      Sakondura luzea, zoko ilun bat esanen genuke, eta baserri bakanak baino ez inguruan. Horra non egin behar omen duten Txingudiko erraustegia. Zergatik ez? Pasaian bizi den jendearen hamarrena ere ez da bizi hemen, eta han badauzkate lehen zabortegi ireki, gero kontrolik gabeko erraustegi eta orain lurpeko irakinez metanoa sortzen duen antolamenduaz beste, zazpi probintzietako errekarik kutsatuena eta zentral termiko kutsatzaileenetarikoa. Uste duzue klase medikuak atera duela txintik inoiz? Alabaina, Gipuzkoako minbizi tasarik handiena dago Pasaia aldean, eta Jaizkibelen orpoan bertan dago.

      Orpoa urrun dago magaletik Jaizkibelen.

      Magalean, «inpernu-erreka» horren gainaldean, egutera ederrean, txaletak. Eta beste hegian golfa, goi mailakoen eremua, «urbanizazioa».

      Sarrera debekatua bertakoentzat izan ezik.

      Arrazoi hoberik aurrera egiteko!

      Beha ezazue ezker-eskuin, dena da jabego pribatu, bideokamera, langa erraldoi, igerileku, kontuz zakurrekin, hormigoizko hesiek babestutako belardi... eta aldarri bera ate automatiko gotorki zarratu guztietan, oihalez, luxuzko protesta, Euskal Herriko pankarta kontzentraziorik handiena.

      «Erraustegirik ez».

      Herriaren osasunak arranguratuko balitu bezala azaldu zaizkigu hortzalaria, neurozirujaua, traumatologiako burua oldar mediatiko batean beren klasearen abanguarda tekniko gisa, etxeko lorategian ihintz beltza egin behar dielako espantuka. Eta «urbanizazioan» sarrera debekatua daukagun guztion elkartasuna nahi lukete, beraiei eginen omen zaien kaltetxoa injustizia kolektibo bihurturik. Horra bada zergatik «Eraiki dezatela erraustegia!» egiten dudan neure kolkorako, «Eraiki dezatela erraustegia golfean bertan!»

      Pentsamendu politikoa, zer bestela.

      Ez nik ez nire auzoek ezein pankarta zintzilikatu ez dugun arren, balkoira irten eta erraustegia ikusten dugu harri barruan, hilerrikoa. Idazleok golftarrak ez garelako froga hau indartzeko esan dezadan Fito Rodriguez ni bezain hurbil bizi dela, eta Felipe Juaristi berriz gu biok baino askoz ere gertuago, sarreran «Errauztegia» dotore dioen udal-eraikin tximiniadunetik guztiz hurre. Poema hunkigarria sorrarazi zioten batzuetan etxeraino sartzen zaigun labe-usainak eta gurutzeen artean egunero ikusten dugun ke zuriak.

      Juduak sentitzen baikara auzoan.

      Hildakoak erraustearen aurkakoek diotenez, gorpuarekin batera plastikozko mokorrak, balbula koronarioak, merkurioa duten hortzazalak, osagarri kutsakorrak dauzkaten katabutak erretzen dira. Ez dakit zenbaterainoko pozoia sortzen duten elementu hauek sutara botata, baliteke handia izatea. Baina nik bestelako argudioak dauzkat gorpuak erraustearen aurka egoteko, argudio poetikoak, hots, argudiorik zientifikoenak.

      Dachau handi bateko juduak.

      Kare bizian ehortziagatik, gorputz hura torturatu egin zutela adieraziko du handik urteetara esku-hezurrak, hatz mutilatuak.

      Forentseak «suizidatu» egin dela dioen emakumearen gorpuak hil aurretik hortzak apurtu zizkiotela esan lezake gerogarrenean.

      Errausten bagaituzte, ordea, nola erakutsiko dugu erraustegiek berek zizkigutela endekatu gorputzak?

      Geuk ezabatu behar ote ditugu gure hiltzaileen hatzak?

      Joseba Tapiak kantatzen duen bezala «Maitasuna helduko da» noizbait mundura, «Gu gaudelarik lurpean» bai, baina helduko da eta orduan gu guztion gorpuak beharko ditu, autopsia berriak gozo bezain zehatz egiteko: horrela salatu ahal izanen ditugu banan-banan hortzalaria neurozirujaua traumatologiako burua, erran nahi baitut, zaborrez eta zabarrez egunean baino egunean ozarkiago hiltzen gaituen euskal burgesia hutsal, berekoi, hipokrita hau.

      Maitasuna helduko da eta sutara botako ditugu susmoak eta juzku txarrak.

      Milesker dioxina, milesker furanoa... milesker, aliatu taktikook.

 

(Sutarakoak. Berria, 2004-12-05)