Parisen bizi naiz
Parisen bizi naiz
2013, poesia
144 orrialde
978-84-92468-48-5
azala: Kepa Gonzalez
Koldo Izagirre
1953, Altza-Antxo
 
2016, narrazioak
2015, nobela
2011, nobela
2010, saiakera
2009, nobela
2006, poesia
2006, kantuak
2005, narrazioak
1998, nobela
1998, kronika
1997, poesia
1996, erreportaia
1995, kronika
1989, poesia
1987, ipuinak
 

 

ABERRIAREN ALBUMEAN IKUSKA

 

egizu kontu gure modernitatearen lehen ikonoa dela

utikan zumalakarregi txapelik gabe!

haren eredura azaldu ziren gero santa kruzen gerrillariak

gurutze santua lagun liberatu gintuzten erreketeak

egizu kontu argazkia sortu zenetik dakigula

txapeldunak izan ginela

krosean edo bertsotan edo boxeoan edo txirrindularitzan

gailendu behar izan gabe izan ginela txapeldunak

eibarko mitinetan eta urkiolako erromerietan

gizaajo unamuno! behin bederenik gurea janzteke

sartu nahi izatea gu bere arrazoien burdinbidean...!

 

txapelerdi kasta ezain bat hasi zen ugaritzen

orrialde batzuk geroago

euskaldunok kulturan txertatu nahi izan gintuena

mundutar aurkeztu beharrez

zenbatetan ageri ote da sabino arana txapelarekin?

beha ezazu hau, jose antonio agirre

bai, gure lehen lehena

ezagun du ez daukan sanotasun bat nahi digula erakutsi

txapeldun ageri den argazki bakarra du

mendi ibili bat egitera datorrela dirudi makila eta guzti

lubakietara joatekoak diren tropen aurrean

beha ezazu beste hau

eskuina napoleontxu ezkerrean zigarroa

aterki bildua besotik

ebaki oneko berokia erdi lotuan argazkirako pozez

bere kapelu borsalinoarekin

beha ezazu horretan bertan, bere atzean

sumatzen den jende multzoa

txapeldunak dira, bere alderdia, traidorea agirre

traidoreak iparragirre otaño indalezio prieto txapelerdiak

denak multzotik bereiz argazkirako

gure ezaugarria kakoan uzteko batere arazorik gabe

txapelerdi ramiro arrue bere beret basquerekin

txapelerdi txapela hain jator janzten zekien pio baroja

traidore kasta ezain honek kendu zuen txapeldunen

eta kapeladunen artean ezarria genuen mugarria

txapelerdiok moldatu gintuzten

orain garen burujantzirik gabeko jendaila

 

nahiago nuke gernikako arbolaren batean

zintzilikatu izan bagenitu gure txapelak

noizbait egindako zina bete arterainokoan

edo ezagutzen ez dugun bertsolariren baten zortzikoak

txapelak erantzi eraginik utzi izan bagintu soil

edo billabonako mantxuaren geometria

ezinezko batek liluraturik

txapelak kantxara jaurti eta

haren omenez bihurtu bagina

orain garen diosalik gabeko matxango samalda

baina ez zen horrela gertatu

ondikotz, gizon txapeldunaren endekatzea

 

parisek ezarri modako sasikoak jantzi zituzten gero

gure emakumeek

haiek ere ez zuten herri izan nahi

ez zuten sekula herri hau izan nahi izan

asko zekiten txapelaren eta are txapeldunaren kalitateaz

balmasedan la encartada pasaian usoz hermanos

tolosan elosegui

emakumezkoak ziren gure erdiaren irudia

fabrikatzen zutenak

gehien zekitenak gutaz

gorputz xalo bat burutik behatzetaraino

etchandy espartin fabrika maulen